Azaroaren 11ko ohitura zaharrari eutsiz jo zuten azkoitiarrek erloju azpiko kanpaia. (Ana Abarisketa)
"Gora San Martin!" abestuz igo ziren gaztetxoak atzo goiz-goizetik Azkoitiko auzo kutunera. Erloju azpiko kanpaiari tiraka aritu ziren Xabier Munibe Ikastolako eta Floreagako Ikastetxeko umeak, bata bestearen atzetik, egun osoan zehar. Ez ziren, hala ere, ikasleak soilik joan San Martin egunez erloju azpira, eta norbanako askok hartu zuten tartetxo bat, ohitura zaharrari eutsiz, hiruzpalau aldiz kanpaia astintzeko.
Sanmartinak larunbatera arte luzatuko dira, hala ere. Larunbat goizerako Azkoitian II. San Martin Mendi Lasterketa prestatu dute. 10:30etik 11:00etara egongo da aukera izena emateko. Iaz, 44 lagunek parte hartu zuten. Sei euroren truke hartu daiteke parte kirol ekitaldian eta hamaiketakoa eta sariak banatuko dituzte lasterketa ostean. Ibilbidea Mikologia Elkartetik hasiko da eta Kukuerritik Txalintxora joan beharko dute parte-hartzaileek, San Martingo erloju azpian bukatzeko. Guztira zortzi kilometroko ibilbidea izango dute aurretik.
Lasterketa bukatu ostean sari banaketa egongo da. Helmugara lehenengo postuan iristen diren gizon eta emakumeak Kurutzia baserriak oparitutako etxeko barazkien saskia jasoko dute. Gainerako parte-hartzaileen artean, berriz, zozketak egingo dituzte. Hala, zorionekoek Zurt eta Ttakun tabernek eskainitako afari bana jasoko dute. Horrez gain, Yoko Kirolak eta Plazaberri Sport dendek kirol produktuak zozkatuko dituzte.
Larunbat arratsaldean musak hartuko du lekukoa Azkoitiko San Martin auzoan, eta II. Mus Txapelketa jokatuko dute Mikologia Elkartean bertan. Izen ematea egunean bertan izango da, eta bikote bakoitzak hogei euro ordaindu beharko ditu. Bikote irabazleak 200 euro jasoko du, bigarren bikoteak 100 euro eta hirugarrenak bi txuleta.
Errezilen etenik ez
Azkoitian ez ezik inguruko herrietan ari dira sanmartinak ospatzen, eta asteburura arte luzatuko dira. Errezilen, esaterako, triki-potea egingo dute bihar, 19:00etan. Ondoren, herri afaria izango da, 21:00etan. Afalostean, gaztetxoen dantza emanaldia eta Obaneuke taldearen eskutik erromeria egingo dute, gau giroan.
Lizaso eta Loidisaletxe Azpeitiko San Martin egoitzan. (Uztarria)
Errebaleko jaiak Azpeitian
Azpeitian ere ospatu zuten atzo San Martin eguna, bertsotan hain zuzen ere. Egoitzan izan ziren arratsaldean Beñat Lizaso eta Juan Jose Eizmendi
Loidisaletxe bertsolariak, Adin-adin programaren barruan. Egitasmoa Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk jarri zuten martxan, eta bertsoa ardatz hartuta adinekoen gaitasuna sustatzea du helburu.
Asteburuan Bustinzuriko Errebalean jarraituko du festak. Goizetik hasita, txistularien goiz eresia, zezen txikiak eta poniak, sakamuturra, erromeria eta DJ emanaldia izango dira, besteak beste.