Herriko produktuen azoka egin zuten iaz, frontoian. (Ane Olaizola)
Dena prest dute Errezilen gaurtik hasi eta igandera bitartean San Martin jaiez gozatzen hasteko. Goizean, txupinazoa lehertu ostean, herriko festa nagusiak hasiko dituzte, eta ez da faltako jan-edanik, ez ondo pasatzeko ekitaldirik.
Adin guztietan pentsatuz sortu du egitaraua Festa Batzordeak. Horren adibidea da, esaterako, mus txapelketa eta Niala magoa ordu bereanantolatu izana larunbat arratsalderako. Horrez gain, umeentzako jolasak, pintxo-potea, saskibaloi partidak, triki-poteoak, herri afariak edo herriko produktuen azoka antolatu dituzte egunotarako.
Kros mistoa, indartsu
Igandea kirolari eskainitako eguna izango da Errezilen. Izan ere, udalak eta Festa Batzordeak elkarlanean antolatu dute herriko lehen kros mistoa. Izen-ematea duela pare bat aste ireki zuten,
www.herrikrosa.eus webgunearen bidez. Ion Ziarsolo zinegotzia dabil antolatze lanetan eta, Hitzari azaldu dio, "erantzun oso ona" ari dela izaten lasterketa. Dagoeneko hogei bikote inguruk eman dute izena, eta 30 bat izatera iristea espero dute antolatzaileek. Momentuz zortzi bikote dira errezildarrak. Gainerakoak, Azpeitia, Azkoitia, Zarautz, Zornotza edo Donostiako bikoteak dira igandeko hitzordurako izena eman dutenak.
Epea zabalik egongo da azken egunera arte. Aurrez izena emanez gero, 15 euro ordaindu behar dira bikoteko; 20 euro, berriz, egunean bertan. 12:00etan hasiko da lasterketa Goiko plazan, eta bost kilometroko ibilibidea izango du, Errezilen zehar.
Bikote irabazleak txapela jasoko du, eta parte-hartzaile guztien artean herriko produktuak zozkatuko dituzte. Bestalde, hamaiketakoa eta kamiseta bana emango dizkiete korrikalari guztiei.
Igande arratsaldean gizonen pilota partidak eta emakumeen pala txapelketako finalak jokatuko dira. Azken hau bigarren urtez egingo dute, aurreko urtean izandako jarraipena ikusita. Txapelketaren finalean honako bikoteek parte hartuko dute: Izaro Zinkunegi eta Eneritz Arzallus, Eneritz Eizmendi eta Naroa Aiertzaren kontra.
Errezilgo Festa Batzordeak eskerrak eman nahi dizkie musutruk festak antolatzen parte hartzen duten herritar guztiei, baita laguntza ekonomikoa eman dutenei ere.
Egitaraua
Gaur, azaroak 11
10:30. Meza San Martin parrokian, festei hasiera emateko txupinazoa Gaztetandik-ek, eta hamaiketakoa Borondegin.
16:30. Haur jolasak.
19:00. Pintxo-potea.
Etzi, azaroak 13
19:00. Triki-potea.
21:00. Herri afaria. Afalondoan, gaztetxoen dantza emanaldia. Ondoren, Obaneuke taldearekin erromeria.
Larunbata, azaroak 14
11:00. Eskola kiroleko saskibaloi partida.
13:00. Bazkaria, Letean.
16:00. Mus txapelketa Borondegin eta Niala magoa eskolan.
18:00. Niala magoa eskolan.
20:30. Triki-bertso-potea.
23:00. Elizagoien ahizpak.
Igandea, azaroak 15
11:30. Herriko produktuen azoka.
11:30. Gaztetxoen krosa.
12:00. Helduen kros mistoa.
13:00. Sari banaketa.
17:30. Pilota eta pala partidak.
Igandea, azaroak 22 (Jubilatuen Eguna)
12:00. Meza, San Martin parrokian.
14:00. Bazkaria bertsolariekin, Borondegin.