Errezilgo Udalak %2 igo ditu uraren, zaborren eta autoen tasak

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko azaroaren 4a

Igoera arinak dira, "tasak eguneratzera" bideratuak. Errezilgo Udalaren egoera ekonomikoa hobetzen ari dira, nahiz eta oraindik "eskuak lotuta" jarraitzen duten.

Errezilgo Udalak aldaketak egin ditu udal tasa eta zergetan. Hala ere, "gutxienekoak" dira horiek. Uraren, zaborren eta autoen tasa %2 igotzea erabaki dute, eta hala, bi edo hiru euro ingurutan eragingo die herritarrei. Xebero Agirretxe alkateak azaldu du "herritarren egunerokoan eragin gutxien" izateko moduko igoerak direla, eta defizitarioak diren esparruetan hartu dutela erabakia, zaborren eta uraren kasuan. Urari dagokionez, Agirretxek azaldu du bi biltegietatik jasotzen dutela: herrikoa eta Euskadiko Urak-ekoa. "Euskadiko Urak-i ordaindu egin behar diogu kontsumoa, eta hori gainkarga da guretzat. Beraz, saiatu gara, nolabait, hori orekatzen", azaldu du alkateak. "Zaborren eta autoen kasuan, erabaki dugu tasak pixkanaka igotzea; izan ere, ez dugu nahi herritarrek hemendik urte batzuetara kolpea jasotzea", nabarmendu du. Hala ere, alkateak errezildarren lana eskertu du ondo birziklatzen ari direlako.

Igoera progresiboen alde

"Udal bezala eta EH Bildu bezala, igoera progresiboen alde gaude, eta hala aplikatu ditugu, gerora igoera handiak saihesteko", esan du Agirretxek. Udalaren egoera ekonomikoa aldatzen ari bada ere, oraindik "zentimo guztiak" begiratzen dituztela azaldu du alkateak, eta "eskuak lotuta" dituztela. Edozer inbertsio egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jartzen dira harremanetan, eta diru guztiaren zenbaketa zehatza egiten dute erakundean. "Lan eta esfortzu handia ari gara egiten zorra kitatzeko, baina oraindik ez dugu egoera normala udalean. Eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei beraien pazientzia eta esfortzuarengatik, haiek ere laguntzen ari baitira: auzolanean laguntzen eta abar".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide