Kirol erronka antolatu zuten San Anton jaietan (E. Albizu Lizaso)
Errezilgo Udalak eta festa batzordeak elkarlanean antolatu dute herriko lehen kros mistoa. San Martin jaien barruan izango da proba, azaroaren 15ean, eta dagoeneko izena eman daiteke
www.herrikrosa.eus webgunearen bidez. Aurrez izena emanez gero, 15 euro ordaindu behar dira bikoteko; 20 euro, berriz, egunean bertan. 12:00etan hasiko da lasterketa, goiko plazan. Bikote irabazleak txapela jasoko du; eta parte-hartzaile guztien artean, herriko produktuak zozkatuko dituzte. Bestalde, hamaiketakoa eta kamiseta emango dizkiete korrikalari guztiei.
Orain artean, umeen krosak soilik antolatu dituztela-eta, pauso bat gehiago ematea erabaki dute errezildarrek: "Haurrentzat egiten den bezala, helduentzat ere eskaini nahi genuen aukera", azaldu du Ion Ziarsolo zinegotziak. Haren arabera, "ez da kasualitatea" lasterketa mistoa izatea: "Azken urteetan lan handia egin da herrian emakumeen boteretzearekin, eta jarraipena ematea dagokigu. Haurrek ere elkarrekin egiten dute kirola, guk zergatik ez?". Bestalde, zinegotziak uste du kros mistoa modu ona dela emakumeak erakartzeko; horregatik egin dute apustua.
Zirkuitua zehaztuta dute dagoeneko, aldapa eta ordeka, denetik izan dezan. 4.200 metrokoa izango da lasterketa, eta honakoa da itzulia: herrian 200 metroko bueltaxka bat, 3.800 metroko beste itzuli bat; eta, bigarren aldiz, 200 metroko bueltaxka. Honakoa izango da itzuli luzea: San Antonio ermitara jaitsi; Basabe baserrira igo, 400 metro inguru; ondoren, San Jose ermitara joan, eta handik herriko plazara. Bueltaxka txikiak herriari berari emango dizkiete.
Errepikatzeko modukoa
Aitzol Apalantza ari da antolaketa lanetan, eta espero dute hamabost bikotek, behintzat, izena ematea. "Herrian bada afizioa, eta garai batean bizikletako probak egiten ziren, ziklokrosekoak eta abar. Aspaldian ez da halakorik egin, eta aukera polita izango da hau", azaldu du Apalantzak. Errezildarraren hitzetan, ondo irtenez gero, urtez urte errepikatzeko asmoa dute. Horretarako, harremanetan daude bailarako korrika elkarteekin, Errezilera joatera anima daitezen.
Izan ere, herritarrek ez ezik, bisitariek ere aukera izango dute proban parte hartzeko. Ziarsoloren ustez aukera ona izango da jendeak ezagutu ditzan Errezil eta haren parajeak. Dagoeneko izena eman dute inguruko zenbait herritarrek, eta uste dute halako bikoteak ere izango direla. "Azken finean, nahi duguna da herriari bizia ematea. Guztiak gonbidatu nahi ditugu Errezilera, krosean parte hartzera", azaldu du.
San Anton jaietan ere antolatu zuten kirolarekin lotutako ekitaldia: taldeen arteko erronka.