(E. Albizu Lizaso)
Joxe Apalantza errezildarrak 120.000 kilometro luze ditu eginak. Lasterka, mendian, errepidean eta pistan. Erronka eta txapelketa, ez zuen axola Apalantzarentzat; eta ez zien beldurrik ez bailarako mendi gailurrei, ezta erlojuari ere. 13 urterekin hasi zen lasterka, eta oraindik ere, 50 urterekin, badu sen hori errezildarrak.
Saneloietako lasterketa izan zen haren lehen proba, Azpeitiko Landeta auzoan. Apalantzaren arabera, «denei» irabazi zien, adinekoei eta zaharrei; eta ordutik aurrera hasi zen «poliki-poliki» korrikaren munduan murgiltzen. «Kadeteetan, Gipuzkoako txapelketa irabazi nuen, eta Gipuzkoakoa eta Euskadikoa, jubeniletan. Lasarteko hipodromoan egiten zen hemen nazioarteko lasterketa bat, eta bigarrena izan nintzen han ere. Munduko txapelketarako hautatu ninduten, baina gerriko minez, ezin izan nuen joan», azaldu du Errezilgo korrikalari ohiak.
(E. Albizu Lizaso)
Anaia zaharra ere lasterkan ibiltzen zen, eta harengandik jaso zuen afizioa Apalantzak. Langileak zirenez, gauez joaten ziren biak korrika egitera. «Garai hartan zoroen gauza zen errepide izkinan korrika ibiltzea, eta ezkutatu egiten ginen autoren bat ikusten genuenean», azaldu du. 17 urterekin egin zuen bere lehen apustua Apalantzak. 46 urteko gizon bati jokatu zion: «Azpeititik Benta Berri tabernara egin genuen erronka, bost kilometro pasatxo, bera pinoi finkoan eta ni korrika. Oso parekatuta ibili ginen, eta hark irabazi zuen 100 metro faltan. Azken zatian kopa bat whisky edan zuen, eta horrek salbatu zuela kontatzen du berak», azaldu du errezildarrak. «Xanti Lazkanok dena grabatu zuen bideoan, baina gero hil egin zen, eta ez dugu inork ikusi», oroitzen du.
Handik aurrera, ia ez zuten izan etenik errezildarraren lorpenek. «Imanol Lazkanok eman zidan lana gaztetan, eta hark animatu ninduen mundu horretan hastera», esan du korrikalari ohiak. Azpeititik Herniora marka jarria zutela esan zion Lazkanok Apalantzari, eta hura egitera bultzatu zuen.
Hala ere, lehendabizi Errezil eta Zelatun bitarteko apustua egin zuen: «Igo eta jaitsi 40 minutuan egina zuten; ni hasi nintzen, eta 27 minutuan egin nuen». Ondoren egin zuen hark Xoxoteko buelta: «Orandako artzainak 50 minutuan egina zuen igo eta jaitsi. Nik erronka egin behar nuen egunean jende ugari bildu zen Azpeitian. Xoxotera igo, han zapi bat hartu, eta jaitsi egin nintzen. 45 minutu pasatxoan egin nuen».
Hurrena izan zen Azpeititik Herniora eginikoa. «Hiru orduan zegoen han denbora, nik ordubete eta 43 minutuan egin nuen buelta», adierazi du.
Erronketan gogorrena
Lazkano berak animatu zuen Apalantza bost tontorren erronka onartzera. Horretarako, hilabete eman zion jai lanetik. Honakoa izan zen ibilbidea: Azpeitiko plaza-Hernio-plaza-Erlo-plaza-Xoxote-plaza-Arauntzako gurutzea-plaza-Oinatz. 1971n, Inazio Mari Arangurenek zuen jarria marka, sei ordu 42 minutuan. 1993ko uztailaren 18an egin zuen saiakera Apalantzak.
«5:30ean hasi nintzen, eguraldi oso ona genuen hasieran. Ondoren, euria ere egin zuen, eta garai hartako oinetakoekin, irristaka ibili nintzen. Erlotik behera
(E. Albizu Lizaso)
nindoala iztar gaineko bola igo zitzaidan, gelditu egin behar izan nuen, eta ardiaren ximaurrarekin eman zidaten laguntzaileek masajea». Hala jarraitu zuen Apalantzak, eta Juan Mari Olaizola masajistak ukendu bat eman zion behean. Bost ordu eta 28 minutuan egin zituen lanak errezildarrak. «Erronka hori egiten lau kilo eta erdi galdu nituen», esan du.
Apustu hura bukatu ostean, Eduardo Escobar Realeko medikuak esan zion gorputzak ez ziola buelta emango esfortzu horri hiru urtean, eta hilabete batzuetara irabazi zuen Espainiako Maratoiko Txapelketa, Sevillan (Espainia). «Harrituta utzi nauzu, zu harrizkoa zara», esan zion Escobarrek. Hori bai, apustua egin ostean, astebete pasatu zuen Apalantzak «sekulako giharreko minekin», etxeko eskailerak ere atzeraka jaisten zituen. Ez du berriro inork apustu hori egin.
Handik aurrera, maratoiak lehiatzen jardun zuen. «Berlinera [Alemania] ere joan nintzen pare bat urtean, eta Turinen [Italia] ere izan nintzen, han bigarren egin nuen urte batean», adierazi du errezildarrak.
Diego Garcia hil bitartean jarraitu zuen korrikan Apalantzak, han eta hemen. «Heriotza kolpe handia izan zen niretzat, horrek desmoralizatu ninduen. Apurka-apurka uzten joan nintzen». Irribarrez kontatzen du korrikalari ohiak igerilekuan juntatzen zela lagun kuadrilla entrenatzeko, «umoretsua eta bakarra» omen zen Garcia. «Horrenbeste kilometro eginak zituen Diegok, eta halako osasuntsu zegoela hil zen. Gehiago ikusi behar ez genuela ezin izan genuen erraz sinistu», azaldu du.
Bizitzako gorabeherak tarteko, korrika ez zuen ofizio izan errezildarrak: «Pena dut bere garaian dena utzi, eta ez probatu izana profesional bezala horretara dedikatzea». Lanordu erdian egiten zuen lana, eta beti «neka-neka» eginda bukatzen zuen. «Etxea egin genuen, semea ere banuen... gastuak. Korrikatik ez nuen bermatuta bizitza ateratzea», azaldu du.
Apustuak berriro pizten
Errezil herri erronkazalea izaki, berriro sena pizten ari dela ikusi du. «Irigoien, Lopetegi edo Arria V.a hor ditugu. Urteetan itzalduta egon dira apustuak, baina orain berriro ikusten dut mugimendua», dio. Berriro apusturen bat egingo ote lukeen galdetuta, ez du ezetzik esaten errezildarak. «Nahi nukeena da norbait nik egin nituen erronkak egiten saiatzea, ea ontzen dituzten». Azketa-Erloko apustua gustatu zitzaion, 7:24an du egina berak.
Bien bitartean, Errezilen jarraitzen du Apalantzak. Hemezortzi txakur ditu, eta haiek dira bere afizio eta pasio. Oilagorrak ehizatzera joango da gaur bertan, eta bi hilabetez gozatuko du ehizaz.
(E. Albizu Lizaso)