Julen Etxeberria 'Oyaun' auto gidaria.
Dagoeneko klasiko bihurtu den Urrakiko Igoera jokatuko dute igandean, Azpeitia eta Urraki artean. 33. aldia da aurtengoa, eta nabarmentzekoa da parte hartze kopurua: 80 auto inguru aurkeztu dituzte lehiara. Urtero legez, 10:00etan hasiko dira entrenamenduak, eta haien ostean izango da igoera. Eskualdeko gidari eta kopilotu ugarik parte hartuko dute; haien artean Julen Etxeberria Oyaun (Urrestilla, Azpeitia, 1987) lehiatuko da, BMW 325i autoarekin, Formula Librean.
Igandeko igoerarako zer aurreikuspen duzu?
Nahiko aurrean irtengo dut, BMW M3en artean, eta nire helburua da Formula Librean irabaztea edo, behintzat, bigarren postua eskuratzea.
Nor ikusten duzu garaile?
Eskualdean, Gorka Eizmendi aiarra eta Ibon Otaegi Bonbo azpeitiarrak maila ona emango dute. Bestalde, Iñigo Olabegogeaskoetxea bizkaitarra ere etortzekoa da, eta ondo ibiliko da.
Azkoitian lan txukuna egin zenuten. Denboraldi ona al da aurtengoa zuentzat?
Bai, Azkoitiko rallysprintean irabazi egin genuen gure mailan, eta bosgarrenak izan ginen sailkapen nagusian. Oro har, denboraldi ona egiten ari gara. Gozatzeko asmoarekin hasi ginen, eta gauzak uste baino hobeto atera zaizkigu. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Rallysprinten Formula Libreko sailkapenean lehen postuan gaude. Formula Librean homologazio arauetatik kanpo dauden autoak lehiatzen dira.
Igoeretan ez duzu parte hartzen, oro har. Urrakira joango zara, ordea. Zergatik da berezia?
Batetik, etxeko igoera delako. Bestalde, igoera ona da: gidari askok parte hartzen dute, eta giro ona egoten da. Igandez egiten den igoera bakarrenetakoa da, eta horrek badu bere xarma, jende asko joaten da ikustera. Berezia da Urrakiko Igoera, Azpeitian dugun afizioarengatik.
Gidari gehienek lehorrean jokatu nahi izaten dute igoera hau, baina ez denek.
Nahiago dut ez badu egiten euririk, baina eguraldi txarra iragarri dute astebururako.
Non ikus zaitzakete zaleek Urrakiko Igoeraren ostean?
Urriaren 31n, Karrantzan (Bizkaia). Hor erabakiko dugu norentzat izango den Formula Libreko izendapena. Dezenteko abantailarekin goaz aurretik, baina inoiz ezin da jakin. Gure xedea izango da puntu batzuk bildu eta garaipena segurtatzea. Felix Astorkia zestoarra da bigarrena sailkapenean.
Segurtasun neurriei dagokienez, ez da denbora asko Galizian istripu larria izan zenetik rally batean. Nahikoa neurri hartzen al dira hemen?
Euskal Herrian oso kontuan hartzen dute segurtasuna, eta lan handia dago egina esparru horretan. Ikusleei esango nieke antolatzaileei kasu egiteko. Izan ere, auto barrutik gauzak beste modu batera ikusten dira. Orduan ikusten duzu arriskua, eta benetan zeinen garrantzitsua den neurriak errespetatzea.