Atzo arratsaldean egin zuten Ibai Agirretxe bost urteko umearen hileta Errezilgo Martin Deunaren parrokian. Pasa den larunbatean, urriak 3, zendu zen haurra Errezilen bertan. Arratsaldeko laurak aldera gertatu zen ezbeharra Letea auzoko mendi bide batean. Bost urteko haurra quad txiki batekin maldan behera erori ostean zendu zen.
Errezilgo Udalak igandea eta astelehena dolu egunak izendatu zituen, eta hildako haurraren familiaren zerbitzura daudela jakinarazi zuen berehala, baliabide guztiak jarriz haiei lagundu ahal izateko. «Gure atsekabea eta doluminak adierazi nahi dizkiegu. Are gehiago, ezbeharrez hil den mutikoa Maria Jesus Salsamendi zinegotziaren biloba eta Xebero Agirretxe alkatearen sendikoa ere bazela kontuan izanda», nabarmendu zuten oharrean. Errezilgo Udalak honakoa gaineratu zuen: «Ibai Agirretxe Agirrebeña zenaren senideek jaso dezatela Errezilgo udal ordezkari eta langileen babes osoa, eta jakin dezatela beraien zerbitzura gaudela behar duten guztirako».
Hilabeteren barruan istripuz hildako hirugarren errezildarra da. Joan den hilaren 6an Lasaon auto istripuz hiru gazte hil ziren, eta haietatik bi errezildarrak ziren.
Azpeitiarren dolumina
Azpeitiko Udalak ere bere dolumina azaldu die hildako haurraren familia, lagun eta gertukoei. Udalak autobus zerbitzuak indartu zituen atzoko hiletarako, eta bi herrietako udaltzainak elkarlanean aritu ziren.