(Errezilgo Udala)
Autobus zerbitzua indartuko dute gaur, astelehena, Errezilen hildako haurraren hiletara Azpeititik joateko. 18:30ean izango da hileta, Martin Deunaren parrokian. Errezilgo Udalak jakinarazi duenez,
Lurraldebus-ek zerbitzu publikoa indartuko du, “auto pilaketak saihestu asmoz”. Hori dela-eta,
17:15ean Azpeititik Errezilera doan autobusaz gain, behar diren guztiak jarriko dituzte anbulatorio aurretik, 17:30ak bitartean. Gauza bera egingo dute Errezildik Azpeitira itzultzeko ere:
Tolosatik Errezilera 19:35ean iristen den autobusaz gain, jendeak behar dituen adina jarriko dituzte.
Udalak “arren” eskatu die herritarrei ahalegina egin dezatela autobus zerbitzua erabiltzeko. Autoz joan behar dutenen kasuan, ezinezkoa zaielako autobusa hartzea, eskatu diete kasu egiteko herrian borondatez lanean arituko diren pertsonen oharrei, auto pilaketak saihesteko.
Dolu eguna, atzo eta gaur
Errezilgo Udalak bi eguneko dolua izendatu du larunbatean hildako Ibai Agirretxe 5 urteko umearen omenez. Atzokoa izan zen lehen eguna, eta gaur ere udaletxeko ikurrina masta erdira jaitsita izango dute, dolu xingolarekin. Errezilgo Udalak adierazi du hildako haurraren familiaren zerbitzura daudela, eta baliabide guztiak jarriko dituztela haiei lagundu ahal izateko. “Gure atsekabea eta doluminak adierazi nahi dizkiegu. Are gehiago, ezbeharrez hil den mutikoa Maria Jesus Salsamendi zinegotziaren biloba eta Xebero Agirretxe alkatearen sendikoa ere bazela kontuan izanda”, nabarmendu dute. Honakoa esan du Udalak: “Ibai Agirretxe Agirrebeña zenaren senideek jaso dezatela Errezilgo udal ordezkari eta langileen babes osoa, eta jakin dezatela beraien zerbitzura gaudela behar duten guztirako”.