(Gaztetandik kultur Elkartea)
Ezama auzoko Basabe Barrena baserrian eginiko sagardoak irabazi du Errezilgo III. Sagardo Txapelketa Herrikoia. Larunbat iluntzean jokatu zuten lehia, eta Jose Antonio Labaka ekoizleak jaso zuen saria. Mugarrieta baserriko ekoizleak izan ziren bigarren sailkatuak; eta Antzelaikoak, berriz, hirugarrenak. Orotara, hamabost sagardogilek parte hartu dute Gaztetandik Kultur Elkarteak antolatutako txapelketa herrikoian.
«Aurreko urteetan baino maila hobea» sumatu du Labakak aurtengo lehiaketan, eta azaldu du ekoizleek elkarren berri izateko eta elkarrengandik ikasteko ekitaldi polita dela sagardo txapelketa: «Guztiok ere hobetzen ari garela uste dut, eta halako lehiaketek laguntzen dute jendearen iritzia ezagutzeko, eta inguruko sagardogileen ohituren berri izateko».
Sagardogintza afizio
Labakaren etxean betidanik egin izan da sagardoa, baina tolarea kendu behar izan zutenean, hutsune bat egon zen baserrian. Duela sei urte
(Gaztetandik kultur Elkartea)
hasi ziren berriro edaria ekoizten. Etxeko sagar onenak erabiltzen dituzte sagardoa sortzeko, eta tartean ez da falta Errezil sagarra, «bizi puntua» emateko. Ogibide izatetik urrun, «lagunartean otorduak egiteko» egiten dute sagardoa Basabe Barrenan.
Gustukoa dute ohitura, eta gero eta garrantzia gehiago ematen diote sagarrak ondo zaindu eta garbitzeari. «Txapelketetan hasi ginenetik, kontu gehiago izaten dugu sagarra zaindu eta ondo-ondo garbitzen. Gurea produktu naturala da, gehigarririk gabea, badakigu zer ari garen edaten, eta hori baino berme hoberik ez dago», adierazi du Labakak.
Hiru aldiz parte hartu dute, eta «eginez ikasi» dutela adierazi du: «Fermentazioak garrantzia handia du, eta puntua hartzen ikasi dugu». Txapelketan irabazitako txapela dela-eta, «motibatuta» sentitzen dira Basabe Barrena baserriko ekoizleak: «Babes handia dut inguruan, eta sariak lagundu digu lanean jarraitzeko. Kanpoko jendeak ere esan digu sagardo ona egin dugula, zapore onekoa, eta horrek axola du gehien». Etxeko gazteenei afizioa bereganatzen saiatuko dira orain Basabe Barrenan.
Helburuak betetzen
Txapelketa antolatu duen Gaztetandik Kultur Elkarteak balorazio ona egin du ekitaldiaz, eta «helburuak betetzen» ari direla esan dute. «Gero eta jende gehiago etortzen da: herritarrak eta bisitariak. Gainera, sagardo zaleentzat motibazio ona dela pentsatzen dugu, beraiek egindako lana erakusteko aukera ematen zaielako», adierazi dute Gaztetandik-eko kideek. «Festa mantentzea» da oraingoz beraien xedea; izan ere, halako txapelketa herrikoi gutxi egiten dira Euskal Herrian.
(Gaztetandik kultur Elkartea)
Urola Kostako lau sagardogile Euskal Herriko lehian
32 sagardogilek eman dute izena larunbatean Azpeitian jokatuko den Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa Herrikoian parte hartzeko. Lau eskualdekoak dira: Añota (Azpeitia), Ekain (Zestoa), Izeta (Aia) eta Satxota (Aia). Txapelketa Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak eta Azpeitiko sagardozaleen taldeak antolatu dute.
Berdura Plazan afalduz egingo da txapelketa, eta afaritara elkartzen diren denak izango dira sagardoak dastatu eta puntuatuko dituztenak. Afaritara joateko aurrez txartela erosi behar da 30 eurotan. Txartelak salgai daude: Azpeitiko Añota sagardotegian, Iraurgi saskibaloiko tabernan eta Pastorkua tabernan eta Astigarragan Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean (943-33 68 11 telefonoan). 250 lagunentzako tokia egongo da.
Afaritarako menua bertako produktuekin osatu dute: bakailao ajoarrieroa, Lumagorri oilaskoa parrillan, Basatxerri xolomo-burua eta inguruko artzain gazta desberdinak.
Lehiaketa herrikoi honekin, garai bateko usadioa berreskuratu, eta sagardorik onenak zaletuen esku jarri nahi izan dituzte antolatzaileek. Aurrenekoz Azpeitian egingo da, baina datorren urtean, eta urtez urte, sagardo txapelketa desberdinak antolatzen dituztenekin sare bat osatu eta final handi bat antolatu nahi dute.