Joan den urteko txapelketako saria.
Hirugarren urtez, Errezilgo Sagardo Txapelketa Herrikoia jokatuko dute bihar. 20:00etatik 22:00ak ingurura bitartean izango da lehiaketa, herriko pilotalekuan, eta epaileez gain, herritar eta bisitariek ere izango dute sagardoa dastatzeko aukera. Hamar euroren truke jarriko dituzte sarrerak salgai, bihar bertan, ekitaldia hasi aurretik.
Gaztetandik Errezilgo Kultur Elkarteak antolatu du txapelketa, herriko baserritarren sagardoa «probatu eta neurtu» asmoz. Horretarako, Errezilgo hamabost ekoizlek parte hartuko dute biharko proban, eta sagardoan adituak diren hiru epailek baloratuko dituzte edariak. Irabazleak txapela eta garaikurra jasoko ditu sari moduan, aurreko edizioetan bezala.
Antolatzaileek azaldu dutenez, «giro ederra» sortzen da pilotalekuan sagardoaren bueltan, eta herritarrek «jakin-minez eta atseginez» probatzen dute edaria. Gainera, pintxoak jarriko dituzte, sagardoari laguntzeko. «Hamar euroko sarrera erosi ondoren, nahi adina pintxo jateko aukera egongo da iluntzean zehar», azaldu dute Gaztetandik-eko antolatzaileek.
Hiru urteko tradizioa
Errezilgo txapelketa herrikoiaren lehen edizioa udaberrian egin zuten, baina joan den urtean pasatu zuten dastaketaren data irailera. Izan ere, edaria botilaratzeko denbora gutxi izaten zuten bestela baserritarrek. Joan den urtean hamalau baserritakoek parte hartu zuten lehian, eta aurten bat gehiago izango da parte-hartzaileen artean. Honako baserrietakoek hartuko dute parte: Abita Barrena, Buztin Zuri, Irure Berri, Estra Zaharra, Loidi, Aitzeta Azpikoa, Urteaga, Portugal, Ezama Enea, Mugarrieta, Basabe, Ibarguren, Zumeta, Aranguren eta Antzelai.
Txapelketaren hirugarren edizioa da 2015ekoa, eta orain artean harrera ona izan du ekitaldiak Errezilen. Joan den urtean 100 pertsona inguru bildu ziren herriko pilotalekuan. «Aurtengoan langa hori pasatu nahi genuke», azaldu du Luis Berrondo Gaztetandik Kultur Elkarteko kideak. Haren arabera, herriko sagardoa probatzeko aukera asko ez da izaten urtean zehar, Errezilgo sagardoa ez baita «oso ezaguna» herritik kanpora.
Hori dela-eta, Gaztetandik Kultur Elkarteko kideek herritar eta bisitariak animatu nahi dituzte sagardoaren festan parte hartzera. Gustuz antolatzen dute txapelketa, eta jendeak erantzuten duen bitartean, txapelketarekin jarraituko dute haiek.
Autobus zerbitzua
Azpeititik eta Azkoititik autobusez joateko aukera dago. Azkoitian 19:00etan irtengo du azken autobusak, eta Azpeitian, berriz, 19:10ean. 19:25erako iritsiko da Errezilera.