Harriaren kontra jo zuen autoak (E. Albizu Lizaso)
Lasaon auto istripuz hildako bi gazte errezildarren eta azpeitiarraren hileta elizkizuna gaur egingo dute, Errezilgo parrokian, 19:00etatik aurrera. Hildako hiru gizonekin batera autoan zihoan laugarren gazteak oso larri jarraitzen du, Donostiako Ospitalean. Zainketa intentsiboetako unitatean dago, buruan kolpeak dituela-eta. Haren bizitza arriskutik kanpo badago ere, sedatuta daukate, eta istripuaren ondoren izan ditzakeen kalte iraunkorrek kezkatzen dituzte medikuak.
Elizkizunaren harira, Azpeitiko eta Errezilgo Udalek autobus zerbitzua jarri dute, eta joan-etorria doan izango da hiletara joan nahi dutenentzat. 17:30etik hasita abiatuko dira autobusak Errezilera, Azpeitiko anbulatorio aurretik. Itzultzeko ere zerbitzu bera eskainiko dute. Josu Labaka Azpeitiko Udaleko Zerbitzu Orokorretako arduradunak jakinarazi du «azpeitiarrak hunkituta» daudela, eta gaurko hiletan «jendetza» bilduko dela aurreikusten dutela. «Errezilen sortu daitezkeen auto pilaketak eta aparkatzeko arazoak saihestu eta herritarren joan-etorria errazteko jarri dugu zerbitzua», adierazi du. Horrez gain, Azpeititik Tolosara joateko Urrakiko bidea hartu beharko da 17:30etik aurrera, beste errepidea itxi egingo baitute. Hiletara doazenentzat eta errezildarrentzat soilik egongo da irekita bidea.
Igande goizean izan zuten istripua gazteek, Zestoako jaietatik bueltan. Hiru pertsona unean bertan hil ziren, eta laugarren bat, Urrestillakoa (Azpeitia), larri eraman zuten ospitalera. Istripua izan zuten lau pertsonak gizonak dira, eta 19 eta 30 urte bitartean dituzte.
Hildako errezildarrek, Josu Segurolak eta Iagoba Urangak, 30 eta 29 urte zituzten, hurrenez hurren. Jon Ibarreta azpeitiarrak, berriz, 19 urte zituen. Ertzaintzak jakinarazi duenez, errepidetik atera zen autoa, 07:35ak inguruan, eta harri baten kontra jo zuten. Autoan harrapatuta gelditu ziren gazteetako hiru, eta suhiltzaileek atera zituzten.
Xebero Agirretxe Errezilgo alkateak esan du herria «hilda bezala» dagoela uneotan. «Ez dabil inor kalean, eta tristura nabari da», adierazi du. Eragin handia izan du istripuak errezildarrengan, alkatearen arabera: «Mutil ezagunak ziren herrian hirurak, azpeitiarra bera ere bai, hemen asko ibiltzen baitzen. Gainera, denek ala denek harreman onak zituzten herritarrekin». Lur jota eta gertaturikoa sinetsi ezinik daudela nabarmendu du.
Azpeitiko eta Errezilgo Udalek dolu eguna izendatu zuten atzokoa, eta Zestoako Udalak isiltasun minutua egin zuen festen barruan. Udaletako banderak haga erdira jaitsi dituzte, eta adierazpen bateratua argitaratu dute, azken asteetan istripuz hildako pertsonen senideei eta ingurukoei doluminak eta babesa adierazteko. Bestalde, ospitalean dagoen gaztea azkar osa dadila desio dute erakundeek.
Atzo hildako hiru gazteez gain, azken asteetan izandako istripuak gogoratu dituzte ohar bateratuan: Huescan (Espainia) hildako mendizale azpeitiarra, Zumaian auto istripuz hildako gizon azpeitiarra eta Katalunian trenak harrapatuta hildako gazte zestoarra. «Tragikoa ari da izaten uda amaiera eskualdean, eta hildakoen familia eta inguruko guztiei helarazi nahi diegu dolumin mezua», adierazi dute hiru udalek. Udalek jakinarazi dute familiekin harremanetan daudela, eta laguntza eskaini dietela behar dutenerako.
Agirretxe alkatea bandera haga erdira jaisten, atzo. (Eitb.eus)
Ikerketa lanetan ari dira
Igandeko istripuaren inguruan ez dago albiste berririk, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak batzorde bat sortu dute, ikerketa lanetarako. Aldundiak jakinarazi duenez, «ohikoa» izaten da halako taldeak sortzea egoera hauetan. Azpeitiko Udalak, berriz, jakinarazi du beraiei ez dietela batzordean parte hartzeko aukera eman.
Azpeitia eta Zestoa arteko errepidean gertatu zen istripua, eta Azpeitiko Udalaren arabera, errepidearen jabetza aldundiarena da, errepide zaharraren gainean dagoelako, fisikoki, harria, eta errepide hori aldundiarena delako. Diputazioak, ordea, azaldu du beraien eskumena «errepidearen mantenua» soilik dela. Haiek ikerketa bat abiarazi dute harria han egotearen nondik-norakoak aztertzeko. Bestalde, Luis Murgia Euskadi eta Nafarroako automobil klubeko kideak garrantzia kendu dio harria errepide ertzean egoteari. Hura egon ez balitz beste zerbaiten kontra joko zutela esan du.