(Nerea Uranga)
Jesus Goenaga (Errezil, 1979) da Europako Sega Txapelketan lehiatuko den eskualdeko bizilagun bakarra. 30 urtez gorako mailan jokatuko du. Igandean, hilaren 30ean, izango da haren txanda.
Zer mailatan egongo da ordezkatua Europako Sega txapelketan Euskal Herria?
Ordezkapen polita dugu. Izan ere, gizon eta emakumeek izango gara lehian. Gizonen kasuan, 30 urtez azpikoetan eta 30 urtez gorakoetan izango gara.
Zer lan egin beharko dituzue?
Nik eta gainontzeko gizonek ehun metro koadro moztu beharko dituzte: 10x10. Emakumeeen lana da 35 metro koadro ebakitzea, 7x5.
Lan horiek baloratzerakoan, zer hartzen dute kontuan epaileek?
Txukuntasuna eta abiadura. Bereziki, txukun eta garbi moztea da garrantzistua; bestela, penalizazioa jartzen dute. Zuk eginiko denborari gehitzen diote zigorra. Gainera, posible da epaile batek baino gehiagok ezartzea penalizazioa; hala gertatuz gero, berebiziko garrantzia hartzen du faktore horrek emaitzan.
Aurkariak ezagutzen al dituzue?
Bai, beste urte batzuetan jokatu izan baitugu haien aurka. Suitzan, Austrian edo Hego Tirolen jokatu dut, besteak beste, haiekin. Iruditzen zait, gurekin alderatuta, beste maila bat daukatela. Azkar ebakitzen dute, eta oso txukun. Eskarmentu handia dute, gu atzeraxeago gabiltza.
Zein izango da Euskal Selekzioaren helburua?
Nire kasuan, zaila ikusten dut lehen hiruetan sartzea. Polita litzateke nire burua lehen hamarren barruan ikustea. Hala ere, gure taldean badira bat edo beste lehen hiruretan sartzeko moduan; Bixente Mitxelena dut buruan, adibidez.
Europako txapelketa Loiolan bertan jokatzea berezia izango da, ezta?
Inguruko jendea izango duzu babesteko. Batetik, Euskal Herrian jokatzen dugu, eta hori albiste ona da bere horretan. Bestalde, etxe inguruan izango naiz, eta horrek harrotasun puntua sortzen du; lan ona eginez gero, oraindik eta gehiago. Gure jendearen aurrean, ahal dudan lanik txukunena egingo dut.
Zenbatu urte damakizkizu Euskal Selekzioarekin?
Lehia hau Seguran (Gipuzkoa) jokatu zenean irten nuen lehen aldiz selekzioarekin, 2003an. Beraz, badira hamabi urte. Orduan hasi nintzen sega munduan, eta une hartatik aurrera jarraitu dut, gaur arte. Uzteko asmorik ere ez daukat.
Nola ari zarete prestatzen txapelketa?
Eguraldiaren eta belarraren arabera izaten da askotan. Belarra dudanean, astean lau aldiz entrenatzea gustatzen zait. Horrez gain, kirola ere egiten dugu. Norberak bere erara antolatzen du.
Zergatik da hain berezia txapelketa hau?
Europako lehia bat delako, eta hamar urtean behin izaten delako Euskal Herrian. Azkena orain hamairu urte izan zen. Gure kirola, kultura eta ohiturak ezagutu eta ezagutarazteko modu polita izango da, baita gure baserritarren usadioak ikusteko ere. Merezi du etortzea.