Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Emakumeen futbol txapelketa jokatu dute asteburuan Errezilen. Seina pertsonako hiru talde osatu dituzte, eta elkarren kontra jokatu dituzte 20na minutuko partidak. Talde berdea izan da txapelduna, hirutik bi partida irabazita. Errezilgo auzoetxetik antolatu dute egitasmoa, bigarren urtez jarraia. Aurten, gainera, emakume gehiagok eman dute izena, beraz, balorazio positiboa egin dute antolatzaileek.
Izaro Zinkunegi da futbol lehiaketan parte hartu duen emakumeetako bat, eta hark azaldu du emakumeen arteko harremana "sendotzeko" asmoarekin hasi zirela txapelketa antolatzen. Ekainaren 30ean hasi ziren entrenatzen errezildarrak, eta 22 emakume ibili dira futbolean azken hilabetean. "Emakumeen sektorea garrantzitsua da auzo etxean, oso ondo erantzuten baitiete Errezilgo emakumeek antolatutako ekintzei", azaldu du Zinkunegik.
Kirolarekin lotuta, pala txapelketa ere antolatu zuten joan den urtean, eta Emakumearen eguneko mahai-inguruan ere parte hartu zuten. "Pozgarria da halakoak antolatzea; azken txapelketan, esate baterako, 16 eta 45 urte bitarteko emakumeak bildu gara", esan du taldeko kideak.