Zereginak banatu dituzte Errezilgo Udalean, eta zazpi batzorderekin osatu dute gobernua. Azken agintaldiko batzordeak mantendu dituzte, eta bi lantaldetan banatu dituzte eginbeharrak. Xebero Agirretxe Errezilgo alkateak azaldu duenez, multzo batean sartu dituzte Nekazaritza eta Ingurumeneko batzordea eta Hirigintza eta Azpiegituretakoa. Bestean, berriz, honakoak bildu dituzte: Gizarte Ongizate batzordea, Kultura, Kirol eta Hezkuntza saila; Gazteria batzordea, Prekidetasun, Partaidetza eta Komunikazio batzordea eta Ogasuna eta Diruzaintza. Lantalde bakoitzak bere bilerak egingo baditu ere, ohiko bilkurak bi hilean behin egingo dituzte, lehen ostegunean, 21:00etatik aurrera. Lehen udalbatzarra abuztuaren 6an izango da.
EH Bilduk gobernatzen du Errezilgo Udala. Udal hauteskundeetara aurkeztu zen talde bakarra izan zen, eta %68,85ko parte hartzea izan zuten bozek, eta 234 boto jaso zituen koalizioak, botoen %74,52.
%25eko liberazioa
Liberazio bakarra izango du Errezilgo Udalak, Xebero Agirretxe alkatearena, hain zuzen. Hark %25eko lan jarduna izango du, eta 8.700 euroko soldata gordina jasoko du urtean. Alkateordeak izango dira Jon Ziarsolo eta Bittori Otaegi.
Agirretxeren arabera, udalaren «egoera larria»·kontuan izan dute soldata ezartzerakoan, beharrezkoa baita «horri irtenbidea aurkitzea». Gogorarazi du Bildu iritsi aurreko gobernuak oinordekotza utzi ziela joan den agintaldiko kideei, eta beraiek ere jarraitzen dutela horri erantzuten: «Guk sortu ez dugun egoera bati buelta ematen ari gara. Hala ere, nabarmendu nahi dugu ez garela ari udaletik soilik egiten esfortzua, herritarrak ere esfortzu handia egiten ari dira».
Agirretxeren arabera, zor handiekin jaso zuen udala Bilduk, eta ondoren, 2012ko uholdeak etorri ziren. Hori dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku hartzea behar izan zuen udalerriak. «2012a izan da zor handiena izan dugun urtea. Orduan, biztanleko 1.500 euroko zorra zuen udalak; orain, 1.000 euro ingururaino jaistea lortu da». Errezilgo Udalaren helburua zor hori murriztea izango dela azaldu du alkateak: «Hala egin dugu azken urteetan, eta horretan jarraituko dugu».
Ardurak
Batzordeak
Nekazaritza eta Ingurumena. Xebero Agirretxe, Maria Jesus Salsamendi eta Koldo Arzallus.
Hirigintza eta Azpiegiturak. Xebero Agirretxe, Maria Jesus Salsamendi eta Koldo Arzallus.
Gizarte ongizatea. Nekane Zinkunegi, Ane Uzkudun eta Maria Jesus Salsamendi.
Kultura, Kirola eta Hezkuntza. Nekane Zinkunegi, Jon Ziarsolo, Ane Uzkudun, Bittori Otaegi.
Gazteria. Ane Uzkudun, Bittori Otaegi eta Jon Ziarsolo.
Parekidetasuna, Partaidetza eta Komunikazioa. Nekane Zinkunegi, Ane Uzkudun eta Koldo Arzallus.
Ogasuna eta Diruzaintza. Ane Uzkudun.
Ordezkaritzak
Saiaz. Xebero Agirretxe eta Nekane Zinkunegi.
Ur Kontsortzioa. Xebero Agirretxe eta Jon Ziarsolo.
Urola Erdiko Mankomunitatea. Xebero Agirretxe, Bittori Otaegi eta Jon Ziarsolo.
Urkome landa garapen elkartea. Xebero Agirretxe eta Maria Jesus Salsamendi.
Iraurgi Berritzen. Xebero Agirretxe, Ane Uzkudun eta Nekane Zinkunegi.
Eskola kontseilua. Bittori Otaegi eta Jon Ziarsolo.
Hondakinak. Xebero Agirretxe eta Jon Ziarsolo.