Gipuzkoako giza proben bigarren saioa jokatuko dute igandean Errezilen

Ana Abarisketa 2015eko ekainaren 26a

Itziar, Mendaro, Berrobi eta Deba dira lau saioz osatutako ligaxkako parte-hartzaileak. Berrobi dijoa aurretik, maiatzaren 30ean jokatutako lehen saioan garaile izan ondorenGipuzkoako giza proba txapelketako bigarren jardunaldia egingo dute igandean, E...

Itziar, Mendaro, Berrobi eta Deba dira lau saioz osatutako ligaxkako parte-hartzaileak. Berrobi dijoa aurretik, maiatzaren 30ean jokatutako lehen saioan garaile izan ondoren

Gipuzkoako giza proba txapelketako bigarren jardunaldia egingo dute igandean, Errezilen. Gaztetandik kultur elkarteak antolatu du ekitaldia, eta Errezilgo Gernika enparantzan izango da proba.

Bigarren saio honetako parte- hartzaileak honako hauek izango dira: Andutz (Itziar), Berrobi, TopeNatxiok (Mendaro) eta Tarinak (Deba). Ekitaldia 18:00-etan hasiko da, eta sarrera hamar eurokoa izango da.

Zortzi kirolarik osatuko dute talde bakoitza, eta 660 kiloko pisuaren barruan sartu beharko dute parte hartzeko. Aurretik pisatu egingo dituzte kirolariak, eta hogei minutuz ariko dira lanean, 900 eta 1.000 kilo arteko harriarekin.

Gaztetandik kultur elkartea arduratuko da Errezilgo ekitaldi hau antolatzeaz, Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak antolatzen duen txapelketaren barruan.

Eguraldiaren babesean, herri kirolaren zaleek aukera paregabea izango dute Errezilen biltzeko.

Berrobi aurretik

Gipuzkoako Giza Proba Txapelketaren lehen jardunaldian Berrobi gailendu zen aurkariei. Proba Mendaron jokatu zen pasa den maiatzaren 30ean. Zinta bakarreko aldea atera zien orduan Berrobikoek etxekoei.

40 plazatik gora egin zituzten denek Mendaroko probalekuan. Debak 42 plaza eginda sailaktua zen. Etxekoak izan ziren aldea zabaldu zutenak. Mendarok izugarrizko lana egin zuen, 45 plaza eta zinta bat lortuz. Ikusteko zegoen Berrobik gainditzea lortuko ote zuen marka hori. Azkenean, zinta bakar bat gehiago egitea lortu zuten, eta 45 plaza eta bi zintako marka egitea lortu zuen.

Aurtengo txapelketa lau jardunaldiz osatutako ligaxka izango da eta proba bakoitzean lortutako sailkapena kontutan hartuko da txapelduna erabakitzeko orduan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide