Hiru eguneko jaiak Errezilen

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko ekainaren 11

Ekainaren 12tik 14ra sanantonioak ospatuko dituzte

Otsail bukaeratik ari dira sanantonioak prestatzen errezildarrak, eta ostiralean hasiko dira jaiak herrian. Urtero bezala, sekulako arrakasta izan du herri afariak, eta dagoeneko saldu dituzte jatordurako 300 txartel. Errezilgo lau elkarteen artean antolatzen dute, txandaka, herri afaria, eta aurtengoan guraso elkarteari suertatu zaio lana. Nekane Zinkunegi festa batzordeko kideak azaldu duenez, janari zerbitzu batek prestatuko du ostiraleko otordua, eta elkartea jana eta edana zerbitzatzeaz arduratuko da. Horrez gain, kirol erronka berria prestatu dute iganderako. «Igandeetan beti egiten dugu herri kirolekin lotutako zerbait, eta aurtengoan pentsatu dugu kirolari asko ditugunez herrian, haiek egitea erronka», esan du Zinkunegik. Beraz, harri-jasotzen, ergometroan, bizikletan eta korrika arituko dira errezildarrak, talde mistoetan. Musikari dagokionez ere, aldaketak txertatu dituzte aurtengoan. Esate baterako, erromeriez gain, beste musika mota batzuk ere izango dituzte entzungai herritarrek. Verratër taldeak kontzertua eskainiko du larunbatean; izan ere, kideetako bat errezildarra da.

Egitaraua

Ekainak 12, ostirala - 13:00. Txupinazoa eskolan. - 16:00. Haur jolasak. - Ondoren. Txokolatada eta gozokiak. - 21:00. Herri afaria, guraso elkarteak antolatuta. - Ondoren. Haurren dantza emanaldia. - 00:00. Erromeria Obaneuke taldearekin. Ekainak 13, larunbata - 11:00. Meza San Antonio ermitan, hamaiketakoa, Lidia eta Itzeder trikitilariak eta Gorritiren abereak. - 14:00. Bazkaria Letea jatetxean. - 18:00. Triki bertso-poteoa. Xamoa eta Zubeldia bertsolariekin eta Garmendia eta Uzkudun trikitilariekin. - 20:30. Sagardo pintxo dastaketa. - 22:30. Erromeria, Ezten giro taldearekin. - Ondoren. Verratër taldearen kontzertua. Ekainak 14, igandea - 12:00. III. Gazteen Dantza Solte Txapelketa, Gaztetandik taldearen eskutik. - 17:00. Herritarren arteko kirol erronka egingo dute. Emakumeek eta gizonek parte hartuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide