Ostiraletik hasi eta igandea bitartean ospatuko dituzte San Antonio jaiak Errezilen. Zenbait berritasun dituzte aurtengoan egitarauan; esate baterako, afarian, kontzertuetan eta kirol erronkan.
Otsail bukaeratik ari dira sanantonioak prestatzen errezildarrak, eta ostiralean hasiko dira jaiak herrian. Urtero bezala, sekulako arrakasta izan du herri afariak, eta dagoeneko saldu dituzte jatordurako 300 txartel.Errezilgo lau elkarteen artean antolatzen dute, txandaka, herri afaria, eta aurtengoan guraso elkarteari suertatu zaio lana. Nekane Zinkunegi festa batzordeko kideak azaldu duenez, janari zerbitzu batek prestatuko du ostiraleko otordua, eta elkartea jana eta edana zerbitzatzeaz arduratuko da.
Horrez gain, kirol erronka berria prestatu dute iganderako. «Igandeetan beti egiten dugu herri kirolekin lotutako zerbait, eta aurtengoan pentsatu dugu kirolari asko ditugunez herrian, haiek egitea erronka», esan du Zinkunegik. Beraz, harri-jasotzen, ergometroan, bizikletan eta korrika arituko dira errezildarrak, talde mistoetan.
Musikari dagokionez ere, aldaketak txertatu dituzte aurtengoan. Esate baterako, erromeriez gain, beste musika mota batzuk ere izango dituzte entzun- gai herritarrek. Verratër taldeak kontzertua eskainiko du larunbatean; izan ere, kideetako bat errezildarra da.