Errezilek Bideragarritasun Planeko helburuak gainditu ditu

Ane Olaizola 2015eko maiatzaren 6a

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Errezilgo Udala ari da 2012tik duen Bideragarritasun Planeko neurriak betetzen, eta oro har, zehaztutako helburuak gainditu egin ditu. Azaldu duenez, Errezilgo Udalaren sarrera arrunta %5,9 igo da, eta plane...

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Errezilgo Udala ari da 2012tik duen Bideragarritasun Planeko neurriak betetzen, eta oro har, zehaztutako helburuak gainditu egin ditu. Azaldu duenez, Errezilgo Udalaren sarrera arrunta %5,9 igo da, eta planean aurreikusitakoa baino 78.980 euro gehiago lortu ditu aurrezkitan 2014an.

Aldundiaren esanetan, gainera, udalaren egoera ekonomiko-finantzieroak «nabarmen» hobetzen jarraitzen du. Honek emandako datuen arabera, Errezilen urteko aurrezkia eta altxortegiaren soberakina negatiboan zituzten 2011. urtean, eta egun aurreikuspenak gainditu egin dituzte, eta positiboan amaitu dute urtea; 18.422 euroko soberakina zuten iaz. Zorra, berriz, 909.325 eurokoa zuten 2011n; diru sarreren %142. 2014 amaieran, aldiz, 639.887 eurokoa zen zorra, planean aurreikusitakoa baino ia %6 gutxiagokoa.

Aurreikuspenak 2017rako

Gipuzkoako Foru Aldundiak Errezilgo eta Mutrikuko udalen egoera finantzieroaren txostenak bidali dituzte Batzar Nagusietara, Gipuzkoan bi udal horiek baitira Bideragarritasun Planak dituztenak. Biek ala biek hobetu dituzte helburuak, eta aldundiaren arabera, Udalak Finantzatzeko Foru Fondoaren gehikuntzak eta udaletan hartutako neurrien eraginez igo dituzte sarrerak. «Sarrera gehigarri horiek zor bizia murriztera bideratzeaz gain, beharrezko inbertsioak egiteko erabili dituzte. Beraz, kudeaketa arduratsu baten bidez lortu dute zor bizia maila jasangarri batera bideratzeko helburua lortzea, beharrezko inbertsioak bermatuz».

Zeukan zorraren ondorioz, Errezilek 2012an hasi zuen Bideragarritasun Plana, aurrekontuen emaitza bermatu eta zor bizia maila «jasangarrira» bideratzeko asmoz. 2020rako bete behar du zor biziaren helburua, eta 2017an amaitzea espero dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide