Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Errezilgo Udalak 2012tik duen Bideragarritasuna Planeko neurriak betetzen ari da, eta oro har, zehaztutako helburuak gainditu egin ditu. Honen arabera, Errezilgo Udalaren sarrera arrunta %5,9 igo da, eta 2014an lortutako aurrezkia planean aurreikusitakoa baino 78.980 euro gehiagokoa izan da.
Aldundiaren esanetan, gainera, udalaren egoera ekonomiko-finantziarioak «nabarmen» hobetzen jarraitzen du. Honek emandako datuen arabera, Errezilen urteko aurrezkia eta altxortegiaren soberakina negatiboan zituzten 2011. urtean, eta egun aurreikuspenak gainditu egin dituzte, eta positiboan amaitu dute urtea; 18.422 euroko soberakina zuten iaz. Zorra, berriz, 909.325 eurokoa zuten 2011n; diru sarreren %142a. 2014 amaieran, aldiz, 639.887 eurokoa zen zorra, planean aurreikusitakoa baino ia %6 gutxiagokoa.
Aurreikuspenak, 2017rako
Gipuzkoako Foru Aldundiak Errezilgo eta Mutrikuko Udalen egoera finantziarioaren txostenak bidali dituzte Batzar Nagusietara, Gipuzkoan bi udal horiek baitira Bideragarritasun Plana daukatenak. Biek ala biek hobetu dituzte helburuak, eta aldundiaren arabera, Udalak Finantzatzeko Foru Fondoaren gehikuntzak eta udaletan hartutako neurrien eraginez igo dituzte sarrerak. «Sarrera gehigarri horiek zor bizia murriztera bideratzeaz gain, beharrezko inbertsioak egiteko erabili dituzte, beraz kudeaketa arduratsu baten bidez lortu dute zor bizia maila jasangarri batera bideratzeko helburua lortzea, beharrezko inbertsioak bermatuaz».
Zeukan zorraren ondorioz, Errezilekk 2012an hasi zuen Bideragarritasun Plana, aurrekontuen emaitza bermatu eta zor bizia maila «jasangarrira» bideratzeko asmoz. 2020rako bete behar du zor biziaren helburua, eta 2017an amaitzea espero dute.