Eskualdeko 20 talde inguruk parte hartuko dute Azpeitiko rallysprintean

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko apirilaren 21a

Parte-hartzaileen artean, badira estreinekoz irtengo diren herritarrak ere. 15:00etan hasiko da lehen autoa erlojuaren aurkako proba egiten, eta 19:00ak ingururako amaitu nahi dute.

Azpeitiko XVI. Rallysprinta jokatuko dute larunbatean, eta 55 bikotek baino gehiagok eman dute izena proban. Urtero legez, Lagun Artea eskuderiak antolatu du lehiaketa, eta puntuagarria izango da Gipuzkoako eta Euskadiko rallysprint txapelketetarako. Mykel del Cid lasterketako zuzendariaren arabera, Euskal Herriko proba "onenetakoa" da larunbatekoa, eta halakoa da parte-hartzea ere: "Ikusleek, gainera, gozatu egiten dute hura ikusten, probaren ibilbidea bera ere zaila delako". "Lehia irekia" izango dela esan dute antolatzaileek, eta honakoak dituzte begiz jota: Joxe labaka eta Eli Bergara, Mitsubishi EVO V autoarekin; Enrique Barrenetxea eta Anartz Onandia, Mitsubishi EVO IX-arekin; Iban Tarcisio eta Iñigo Peña, Mitsubishi EVO IX-arekin edo Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola, BMW M3-arekin, besteak beste. Urola Kostattik 20 talde inguruk parte hartuko dute rallysprintean, haien artean daude azpeitiarrak, azkoitiarrak, beizamarrak, zestoarrak, zarauztarrak eta aiarrak. Haietako zenbait, gainera, estreinekoz irtengo dira proban. Esate baterako, Naroa Lazkano kopilotuaren lehen aldia izango da larunbatekoa, eta aitari lagunduko dio hark. Lazkanoz gain, Iokin Agirrek eta Arantzazu Aranetak ere lehen aldiz parte hartuko dute. Haiek BMW M3 autoarekin irtengo dira.

11 kilometroko ibilbidea

Larunbateko probako ibilbideak 11 kilometro izango ditu, eta bi zatitan banatu ohi dute gidari gehienek. Lehen zatia "zabala eta azkarra" dela esan du Urtzi Oteiza gidariak. Haren hitzetan, behin Etumetatik gora, "teknikoagoa" da, eta bidea ere "estuagoa" da. Oteizak, autoa dela-eta, larunbatean euria egitea nahiko luke, baina desio hori desberdina da gidaritik gidarira. Ibilbidean bost joanaldi egingo dituzte. Ordutegiari dagokionez, 10:00etatik aurrera, egiaztapen probak egingo dizkiete autoei, epaitegi aurreko aparkalekuan, Sanjuandegin.14:00ak bitartean egongo dira han; eta, ondoren, Landeta auzoko Antzibar poligonora eramango dituzte. 15:00etan hasiko da lehen autoa erlojuaren aurkako proba egiten. Hiru joanaldi egingo dituzte modu horretara, eta beste biak ondoren egingo dituzte. Denera, proba 19:00ak inguruan bukatzea espero dute, 19:30erako sari-banaketa egin dezaten. Ikusleentzako ere zenbait ohar eman dituzte. Esate baterako, gomendatu dute Landetan, Aizarnara edo Erdoiztara jaisten diren errepideetan edo Benta Berriko bide gurutzean uztea kotxea. Horrez gain, ikusleei gogorarazi diete leku "seguruetan" jartzeko proba ikusten, "inoiz ez zinta gorriz itxitako guneetan". Proba zuzenean jarraitzeko aukera izango da Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioan eta www.fotomotor.es-en.      

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide