"Eskarmentua" eta "aurpegi berriak" batu dituzte Errezilgo EH Bilduren hautagai taldean

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko api. 19a, 13:35

Udal hauteskundeetarako Errezilgo EH Bilduk aurkeztu duen hautagai zerrenda (E. Albizu Lizaso) Udal hauteskundeetarako hautagai taldea aurkeztu du Errezilgo EH Bilduk, Xebero Agirretxe zerrendaburu duela. Errezilgo dantzalekuan bildu dira herritarrak, eta koalizioko kideek esan dute 2011n agintea hartu zuten herritarrek "argi" utzi dutela "politika egiteko beste modu bat" badela. "Azken hauteskundeak irabazi ostean, ilusioari lana gehitu zitzaion, eta hemendik aurrera ez da gutxiago izango", jakinarazi dute. Haien arabera, "zorrotz" eta "tentuz" egin dute lana udal ordezkariek, eta herritar guztiek "irabazi" dute; bide hori etenez gero, ordea, "galdu" egingo du Errezilek, koalizioaren arabera. "Bidea" hitza sarri erabili du Errezilgo EH Bilduk. Izan ere, bide hori "hasi besterik" ez dela egin nabarmendu dute, behin eta berriz. Mintzagai izan dute, esate baterako, Errezilgo Udalean utzitako zorra, eta jakinarazi dute horri buelta emateko lan asko egin dutela. "Ari gara zorrari buelta ematen, eta urte hauetan herritarrei erakutsi diegu denon dirua zertarako erabiltzen den", esan du Maria Jesus Saldamendi Errezilgo alkate eta zerrendako kideak. "Gardentasuna", "berdintasuna" eta "elkarlana" izan dituzte ardatz, Salsamendireb arabera; eta, orain, Udala ezagutua, lana "azkarrago" eta "hobeto" egingo dutela ziurtatu du. Alkatearen hitzetan, "ohorea" eta "ardura" izan da Errezilentzat lana egitea, eta jarraitzeko "borondate guztia" duela esan du. Lanean jarraitzeko, honako zerrenda aurkeztu du EH Bilduk: 1. Xebero Agirretxe Arruti. 2. Nekane Zinkunegi Barandiaran. 3. Jon Ziarsolo Isart. 4. Bittori Otaegi Albeniz. 5. Koldo Arzallus Amenabar. 6. Maria Jesus Salsamendi Astiazaran. 7. Ane Uzkudun Zubizarreta. 8. Jokin Uzkudun Goenaga. 9. Arkaitz Arruti Eizagirre. 10. Gloria Escudero Huici. Agirretxe alkategaiak ere hitza hartu du, eta eskerrak eman dizkie gaur egungo udal hautetsiei: "Okerreko bidea zuzentzeagatik, eginiko ahalegina esketu nahi dizuet. Gu ilusioz eta gogoz aurkeztu gara Udalean lana egiteko". Gauza bakarra agindu du Agirretxek, "saiatu" egingo direla gauzak ondo egiten: "Herritik hasi, eta egunero herritarrekin lan egingo dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide