Arria V.a eta Otaegi, apustua amaitutakoan (ataria.info)
Xabier Orbegozo Arria V.ak bost minutuko aldearekin irabazi zuen atzo Joseba Otaegiren aurka jokatutako apustua. 39 minutu eta 49 segundotan moztu zituen hogei kana-erdikoak Errezilgo aizkolariak, eta bi kana-erdiko abantaila atera zion zizurkildarrari, 45 minutu eta bederatzi segungo behar izan zituen.
Bi aizkolariek erritmo gogorra ezarri zuten hasieratik Tolosako zezen-plazan, baina Arria V.a aurretik joan zen lehen enborretik. Seigarren kana-erdikoan soilik hartu zion aurre Otaegik, Errezilgoari korapiloa surtatu zitzaiolako enborrean. Hala ere, hurrengo kana-erdikoan aurre hartu zion Orbegozok gazteari, eta hark ez zuen harrapatu berriro.
Lehen hamar kana-erdikoak moztean, minutu bateko tartea atera zion Arria V.ak Otaegiri; eta, bukaeran, bost minutu eta hogei segundoko abantaila izan zuen Errezilgoak. Esan bezala, denera, 39 minutu eta 49 segundo pasatu zituen Arria V.ak lanak bukatzen, eta 45 minutu eta bederatzi segundo behar izan zituen, berriz, Otaegik.