Xabier Orbegozo
Arria V. (E. Albizu Lizaso)
Igandean jokatuko du Xabier Orbegozo Arria V.ak (Errezil, 1977) Joseba Otaegiren aurkako apustua, Tolosako zezen plazan. Sasoi onean sentitzen da errezildarra probaren bezperetan.
Nola ikusten duzu zeure burua apustuari begira?
Azkeneko txanpa honetan gustura sentitzen naiz. Ez dut ezustekorik, katarrorik edo lesiorik izan. Eguna iristeko gogoarekin nago, ezeren aitzakiarik gabe.
Zeuk esana da azken orduko arazorik ez bazen sortzen, behintzat, sasoi onean iritsiko zinela martxoaren 15era.
Bai, hala da. Beti izaten da arriskua azken egunean arazoren bat izateko, baina uste dut momenturik onenean iritsi naizela.
Aurkaria, Otaegi, nola ikusten duzu?
Egia esan, ez dugu elkarren berri, baina esan didate proba onak egin dituela, eta apustuak ere mugitzen ari direla. Hura ere sasoi onean etorriko da, eta ea nork egiten dituen lanak hobeto.
Nork bota zuen desafioa?
Olasagastik eta Rekondok apustua jokatu zuten, eta hango irabazleari bota nion nik desafioa. Olasagastik irabazi zuen, baina ez zen nigana etorri. Ondoren, Joseba Otaegik bota zidan erronka niri, eta onartu egin nuen. Biok bildu ginen, eta belaxe itxi genuen apustua.
Azken urteetan ez zara aritu aizkora probetan, baina joan den urtean bi apustu egin zenituen. Zerk bultzatu zaitu berriro ere pausoa ematera?
2013ko santotomasetan Zalduaren aurka jokatu nuen, eta joan den urtean, berriz, Olasagastiren aurka. Apustu hartan eskuekin-eta deskuidu handia izan genuen. Sentitu nuen hori baino gehiago banintzela ni plazan, eta Olasagastiren aurkako apustuaren ondoren, arantza bat gelditu zitzaidan. Hori ezin nuen horrela utzi, eta txapelketak lagata ditudanez, apustuak jokatzea da nire aukera bakarra.
Hogei kana-erdiko moztu beharko dituzue igandean. Zuretzako moduko lana da, ezta?
Bai, baina baita Otaegirentzat ere. Egur handiekin abilezia gehiago behar izaten da, barru-lanetan eta abar. Baina guk egur txikiekin egin dugu erronka, eta hori aproposa da ondo prestatutako gaztearentzat ere.
Nolako entrenamenduak egin dituzu apustua prestatzeko?
Azkenaldian eguraldi txarra egin digu, eta horrek lanak eman dizkit. Barruan entrenatu dut, batik bat, arrabolarekin eta pisua altxatzen. Egunero-egunero egin dut lanean ordubete edo ordu eta erdiren bat.
Noiz hasi zinen prestatzen, gutxi gorabehera?
Olasagastiren aurka galdu ostean, entrenatzen hasi nintzen. Egurrarekin, lasterkan... asko ibili naiz. Urte guztian egin dut lana, baina azken hilabeteetan espezializatu naiz, hain zuzen, igandean jokatuko dugun desafioaren oinarrietan.
Espreski apustu honetarako entrenatu duzu azkenaldian: erronkaren ostean, zer eskatuko diozu zeure buruari?
Lehendabizi igandekoa pasatzea, eta gero gerokoak [barre egiten du]. Apustuez gain, txapelketetan ere eman dut izena; Gipuzkoako lehiaketan bigarren mailatik hasi behar dut, eta Euskal Herriko txapelketan, berriz, hirugarrenetik. Hiru urte beharko nituzke berriro ere lehen mailara iristeko, ikusiko dugu zer gogo gelditzen zaizkigun honen ondoren.
Izan ere, emaitza bat edo beste izan, desberdina izango da zure motibazioa ere, ezta?
Epe motzera bai, behintzat. Apustua galduz gero, desilusioa hartzen da. Irabaziz gero, berriz, beste aldarte batekin hartzen dituzu egitekoak. Ikusiko dugu zer gertatzen den gero, baina, benetan, une honetan igandekoarekin soilik pentsatzen dut.
Lehia estua espero al duzu igandean?
Apustua motza, baina bizia izango da, eta ahal dugun guztia emango dugu 40-50 minutuz. Horrelako probetan hil ala bizi irten behar izaten dugu, eta bat psikologikoki edo fisikoki jaisten denean, besteak egiten du aurrera: edozer gerta daiteke. Apustu gogorra izango da, hasieratik 190 pultsazioetara igo, eta bukaera arte borrokatuko dugu.