Egitarau mardularekin ospatu dute Emakumearen Eguna Errezilen

Urola Kostako Hitza 2015eko martxoaren 9a

Errezilen ere ospatu dute Emakumearen Nazioarteko eguna; ekitaldi anitzekin, gainera. Esate baterako, 25 lagun inguru bildu ziren emakumeez osatutako mahai-inguruan atzo, igandea. Honako hizlariek parte hartu zuten saioan: Begoña Galarraga baserritarrak, Ana Elosegi psikologo eta hezkidetzan adituak, Izaro Zinkunegi kirolariak eta Nekane Zinkunegi bertsolari eta kazetariak. Ane Uzkudunek egin zituen moderatzaile lanak.
Ondoren, bertso-poteoa egin zuten herrian, eta Eneritz Artetxe eta Nekane Zinkunegi jardun ziren bertsotan. Haiei lagundu zieten Lorea Rudea eta Irati Urdalleta trikiti- eta pandero-joleek. Poteoaren ostean, 32 emakumek afari mokadua egin zuten.
Atzokoaz gain, ordea, ekitaldi ugari egin dituzte asteburuan Errezilen; haien artean, Ama, amona… Noiz arte zaintzen? hitzaldia, kartel lehiaketa, bideo emanaldia edota autodefentsa ikastaroa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide