Baratzeetako atalek eman zioten izena Errezilgo kultur taldeari. (Atala)
Bukaera honetan ezin zuei eskertu gabe agurtu. Beti bidelagun izan zaituztegu». Horrela agurtu da Atala kultur taldea Urola Kostako Hitza-z, eta gutunarekin batera bidali dio Zokomian aldizkariaren azken zenbakia. Duela hamar urte sortu zuten taldea, «herrian kulturgintza pizteko beharrarengatik», hala azaldu du Gorka Tolosa taldeko kideak.
Gari lanak Errezilen proiektuaren inguruan bildu ziren lehen aldiz herritarrak, eta proiektuari jarraiki egin dute hamar urteko bide luzea. «Egitasmo hark belaunaldi desberdinetako herritarrak batu gintuen, eta hori izan zen lehen urratsa», azaldu du Tolosak.
Proiektua amaitzean, errezildarrek ikusi zuten «gizaldien arteko bilgunea» izan zitekeela kultur taldea, eta hiru ardatz finkatu zituzten egitasmoa garatzeko: Errezilgo usadioei buruzko ikerketak egitea, herriko kultura piztea, emanaldien bidez; eta herri komunikazioa lantzea, Zokomian aldizkariarekin.
«Atalaren lana beti taldekoa izan da, bakoitzak ahal eta nahi zuen moduan egin ditu ekarpenak, eta hori da oinarria», dio Tolosak. Besteak beste, Zokomian aldizkarian, eskolek, festa batzordeak eta herritarrek idatzi izan dute. «Guk nahi genuen herritarrek sentitzea Zokomian aldizkaria Errezilgo pertsona guztiena zela», adierazi du.
Atala kultur taldeak 10 urte ditu, eta Zokomian-ek, berriz, 6. Tolosak uste du «Errezilgo kulturaren erreferente» bihurtu dela elkartea: «Herritarrek bazekiten hilero, hirugarren astean, emanaldi bat zegoela, aldizkaria ateratzen genuela; eta horren zain egoten ziren». Herriko aretoan hasi ziren ekitaldiak eskaintzen; baina, apurka-apurka, herriko elkarteetara zabaldu dituzte emanaldiak, «kultura denena izan dadin». Horrela, elkarlana sustatu zuen Atalak Errezilgo herrian, eta «gastu ekonomikoa murriztea» ere ekarri zuen errezildar guztien pareko kulturgintza osatzeak: «Dena ez da bileretara joatea eta ekitaldiak antolatzea; herritarrak beti zeuden prest pintxo batzuk jartzeko edo boluntario bezala laguntzeko».
Gainera, gainontzeko herri txikientzat ekarpena egiten ere saiatu dira: «Gure lanak Errezildik atera ditugu. Izan ere, herri txiki askok dute antzeko egoera, kulturgintzari dagokionez».
Ahotsak.com egitasmoari ere helarazi dizkiete beraien grabazioak Errezilek duen «euskararen altxorra» ondo gorde dadin eta denek ezagutu dezaten.
Ziklo baten amaiera
Zilegi da galdetzea Errezili lotutako kultur taldeak zergatik utzi behar duen bere jarduna. Tolosaren hitzetan, Atalak eta Zokomian-ek «beraien fasea» amaitu dute, eta «egin diote ekarpena herriari». Bestalde, argi azaldu du «borondatezko jardunean» oinarritutako proiektua landu dutela, eta denborarekin, herritarrek «beste lehentasun batzuk» aukeratu dituztela.
Bi arrazoi horiez gain, «administrazioaren oztopoak» ere aipatu ditu Tolosak: «Diru laguntza kontuei dagokionez, zailtasunak aurkitzen ditugu, erraz- tasunak baino gehiago». Atala taldeko kideak azaldu du «lehen traba» Errezilgo Udalean aurkitu zutela, «ez baitiote behar bezain beste garrantzi eman proiektuari». Haren arabera, ez da egitasmoa alboratzeko arrazoi bakarra, baina «horrek ere ez du laguntzen egunerokoan». Aldundiari eta Jaurlaritzari dagokionez, berriz, nabarmendu du gainontzeko herrietako kultur mugimenduen «zaku berean» sartzen dituztela herri txikiak ere: «Ez dago gure neurrira eginiko poltsa bat, eta herri txikietako taldeen arazoa hori da».
Bestalde, Maria Jesus Salsamendi alkateak esan du beraiek «ahal izan duten guztia» lagundu dutela: «Ekonomikoki oso egoera txarrean egon da Udala, eta, halere, lokala, telefono deiak eta argindarra finantzatu ditugu». Udalak «eskerrak» eman dizkio Atalari, urte hauetan eginiko «lan bikainagatik». Azken egunetan sumatu du Tolosak herritarrek «pena» sentitu dutela Zokomian ez delako gehiago argitaratuko. Hori dela-eta, Atalako kideak prest daude «mahaiaren bueltan eseri» eta herritarrei proiektua nola bideratu azaltzeko. Izan ere, 100 bazkide inguru ditu aldizkariak, eta herritarrek «gustura» jasotzen dute argitalpena.
Herri txikien kulturgintzako topaketa egingo dute udaberrian. Gero, agur festa: erakusketa egingo dute ibilbideaz, eta emanaldi eta mokadu batekin amaituko dute jarduna, dagoeneko ataletik garia aterata.