Urola Gustagarriren barruan Errezilgo sagarrari buruzko eskuorria atera dute.
Igandean, Errezilen,
Errezil Sagarraren Azoka egingo dute. Egun horretan bertan,
Urola Gustagarriren barruan atera duten Errezil sagarrari buruzko eskuorria aurkeztuko dute. Azoka Errezilgoa den produktu hori balorean jarri eta sustatzen laguntzeko antolatzen dute. Orain, eskuorrian sagar mota horri eta bere ekoizpenari buruzko informazioa bildu dute. Horrez gain, bi sukaldarik proposatutako plater desberdinen errezetekin osatuta dator: Arzak jatetxeko Igor Zalakainek eta Azpeitiko Mikel Uria jatetxeko Mikel Uriak berak Errezil sagarra erabiliz hiruna plater prestatzeko errezetak jaso dituzte.
Igandeko Errezilgo azokan Errezil sagarrari buruzko eskuorria eskuratzeko aukera egongo da. Oraingoz euskaraz argitaratu dute, baina datorren urtean erderazko bertsioa kaleratzeko asmoa dute, era horretan turismo bulegoetan ere banatzeko.
Urola Gustagarriren helburu nagusia bertakoa balorean jartzea da, "aisiladi eta turismorako eskaintza sendo bat osatuz".
Errezilen bertako sagarraz egingo den azoka Errezilgo Azokak antolatzen du. Baina, ondoan ditu
Ibarbi Errezilgo Errezil Sagarraren Elkartea, Urkome eta Errezilgo Udala. Azokan, sagar eta sagarrarekin egindako produktuez gainera, gaztain erreak, taloak, sagardoa eta artisau produktuak egongo dira.