Errezil Sagarraren Azoka egingo dute igandean Errezilen, hainbat berritasunekin

miriam tamayo 2014ko abenduaren 5a

Urtero abenduko lehenengo asteburuan egiten den Errezil Sagarraren Azoka antolatu dute igande honetarako. Errezilgo Azokak antolatzen du, eta gaztain erreak, taloak eta sagardoa dastatzeko aukera egoteaz gain, artisautza postuak ere egongo dira besteak beste. Azoka 09:30etik 14:00etara egongo da irekita, eta antolatzaileek inguruko herritar guztiak gonbidatu dituzte bertara joatera: «Gabonetako hilabetean sartu gara, eta jendea poltsak beteta irteten da hemendik. Eguerdi on bat pasatzeko aukera bat da», esan dute antolatzaileek. Aurtengo azokaren berritasunetako bat postuen kokapena izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, urtero postu asko pilatzen dira eta, horren ondorioz, azokako postuak pilotalekuan ipintzea eta artisauen gunea pilotalekuaren goialdean dagoen estalpean kokatzea erabaki dute. Azokan gero eta postu gehiago ipintzen direla diote; denak herritarrak izaten dira. Sagar opilak egiteko ikastaroa ere antolatu dute lehenengo aldiz azoka honetarako. Azokan bertan labe bat egongo da, eta opil horiek egiteko eta dastatzeko aukera egongo da. Antolatzaileen arabera, haurrei zuzendutako ikastaroa da, baina animatzen diren guztiek izango dute aukera. Gainera, Errezilgo gazteek txosnak ipiniko dituzte, eta Errezilgo Errezil Sagar Elkarteak informazio gune bat ipiniko du azokan. Aurten «sagar hobea» Antolatzaileen arabera, azoka hau herriko sagarrari «bultzada» bat emateko sortu zuten duela 20 urte inguru: «Errezilgo Errezil Sagar Elkartea sortu berri da, eta haiek ere lagundu egiten digute». Hauen esanetan, iazko sagar uzta ez zen oso ona izan, baina aurtengoa «hobea» dela azpimarratu dute: «Aurtengo sagar bilketa ondo joan da. Udazken honetan tenperatura altuak egon diren arren, sagarrak jasotzeko giro ona izan dugu, eta aurten sagarrak lehenago erori dira. Aurtengo sagarrek duten kolorea ere hobea da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide