Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Errezilen eta Beizaman da gaur bisitan Martin Garitano Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Herritarrekin herrira proiektuaren barruan. Gaur goizean Errezilen ibili da, Foru Aldundiko beste arduradun batzuekin eta Maria Jesus Salsamendi Errezilgo alkatearekin eta Begoña Garmendia Beizamako alkatearekin batera.
Errezilen aurrena udaletxean egon dira, gero Saiaz Gizarte Zerbitzuetako Udal Elkartearen Eguneko Zentrora egin dute bisita, eta Errezilgo denda eta Errezilgo Azokako baserritarrekin egon da. Herrian prestatzen eta eraberritzen ari diren auzo etxea ere bisitatu du. San Martin Herri Eskolan ikasleek aurreskua dantzatuz egin diete harrera, eta segidan bertsotan eskolarako behar dutenaren berri eman diete Foru Aldundiko arduradunei: eskolako ataritik eskolarako aldapa irisgarritasuna hobetzeko; alde guztietatik eskailerak dituztelako. Ikasleen galderei ere erantzun die diputatuak: "Zergatik aukeratu zenuen politikoa izatea?; Eztabaida handiak izaten al dituzue batzar nagusietan?; Zure taldekoekin ondo eramaten al zara?; Zure araudietaz zure hobebeharrerako aprobetxatzen al zara?; Txikitan eskolara gogo handiarekin joaten al zinen?; Nolatan hasi zinen kazetari?; Zer da diputazioa?; Kazetari jardun zenuenean Loiola Irratian askotan hitz egin al zenuen?; Nolatan itxi zuten Egin egunkaria?...".
Errezilgo bisita Domusa lantegian bukatu dute. Arratsaldean Beizaman ibiliko da: Arreta gaztandegia, Uztaro kooperatibaren baratza ekologikoak eta udal aterpetxea bisitatuko ditu.
Bi herrietan gaur 19:00etan herritarrekin bilduko dira foru aldundiko arduradunak: Beizaman udaletxean da bilera eta Errezilen ere udaletxean.