Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eskualdeko herri askotan bezala, Errezilen ere mantendu egingo dituzte hurrengo urteko udal tasak eta zergak. Maria Jesus Salsamendi Errezilgo alkateak jakinarazi duenez, ez da inolako aldaketarik izango 2015eko ordenantza fiskaletan, besteak beste krisi ekonomikoaren eraginez horiek igotzea baztertu egin baitu udalak. Gehiengo osoz hartu dute erabakia udalbatzarrean, eta helegiterik aurkeztu ezean, abenduan behin betiko onartuta geratuko dira tasak eta zergak.
Egoera ekonomikoaz gain, beste irizpide batzuk ere kontuan izan ditu udalak. Hondakinen gaikako bilketan herritarren jarrera baloratu du, eta haien «erantzun onaren ondorioz», zaborraren gaineko tasa bere horretan mantentzea erabaki du. Errezilen auto konposta eta auzo konposta bidez kudeatzen dute materia organikoa, eta beraz, «hondakin hori guztia herrian geratzen da», azpimarratu du alkateak. Hala, zabor bilketa zerbitzuko seihileko tasa 48,71 eurokoa izango da herriguneko etxebizitzetan, eta 32,33 eurokoa baserrietan. Taberna, kafetegi eta elkarteek 97,70 euro ordainduko dute, eta herriko industria enpresek 188,58 euro. Merkatariek, berriz, 75,50 euro ordainduko dituzte.
Ordenantza fiskalak izozteaz gain, ez dute hobari berririk onartu hurrengo urterako; aurtengo berekin jarraituko dute. Bi dira hobariak: batetik, nekazaritzari lotutako eraikuntzek eta baserriek %95eko hobaria jasoko dute. Nekazaritza jarduerarako beharrezko azpiegiturak direlakoan eskaintzen dituzte hobariak. Udaletxean dokumentazioa aurkeztu behar da horretarako: nekazaritzako gizarte segurantzan alta eman behar dute, eta etxebizitzan bi urte erroldatuta daramatzala egiaztatu. Etxebizitza egin berria baldin badu, konpromisoa hartuko du bost urtez erroldatuta egoteko. Herriko familia ugariei ematen dizkieten hobariekin ere jarraituko dute datorren urtean.
Egoera ekonomikoa, hobera
Errezilgo Udalak plan ekonomiko bat du hitzartuta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Errezilen zorpetze maila altuagatik. Dena den, alkateak adierazi du udalaren egoera hobetu egin dela azken hilabeteetan, eta 2015ean tasak eta zergak igota ere, «eragin handirik» ez luketela izango gaineratu du.
Era berean, ordenantza fiskalak izoztuta hitzarmeneko baldintzak betetzen jarraitu ahal izango dutela berretsi du udalak. «Plan ekonomikoa ondo ari gara bideratzen», esan du alkateak, eta baikor agertu da datozen hilabeteetako aurreikuspenetarako ere.