Hamalau parte-hartzaile izango dira bihar Errezilgo II. Sagardo Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2014ko irailaren 26a

Aurten bigarren aldiz ospatuko dute Errezilgo Sagardo Txapelketa. Gaztetandik Kultur Elkarteak antolatu du, eta bihar egingo dute, Errezilgo pilotalekuan, 19:30ean hasita. 22:00ak arte iraungo du gutxi gorabehera, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Aurtengo txapelketan Errezilgo hamalau baserritarren sagardoek hartuko dute parte, eta sagardoaren arloan adituak diren hiru pertsona ibiliko dira epaile lanetan. Epaileek ez ezik, Errezilgo herritarrek eta bertaratzen direnek ere izango dute aukera txapelketa honetan parte hartzen duten upategietako sagardoa dastatzeko. Iosu Galarraga da Gaztetandik Kultur Elkarteko lehendakaria, eta berak azaldu du 10 euroko sarrera ordainduta, sagardoa eta elkarteak prestatutako pintxoak dastatzeko aukera izango dutela: «Hainbat eratako pintxoak egongo dira: tortillarekin eta txorizoarekin egindakoak, besteak beste, baita irasagarra eta gazta ere». Sarrerak ekitaldiaren hasieran erosi ahalko dira. Aurten irailean Elkarteak azpimarratu du Errezilgo baserri askotan segitzen dutela sagardoa ezkoizten: «Herritar horien lana jendeaurrean ezagutzera emateko aukera ezin hobea dela uste dugu, eta horregatik antolatu dugu txapelketa hau». Txapelketako epaileak hiru izango dira, bi azpeitiar eta errezildar bat: «Hainbat herritako sagardo txapelketetan epaile lanak egiten dituztenak dira». Irabazleak txapela eta garaikurra jasoko ditu sari moduan. Dena dela, txapelketan parte hartzen duten baserritar guztiei zerbait ordainduko zaiela azaldu du elkarteko lehendakariak. Aurtengo berezitasun bakarra txapelketaren data izan da. Izan ere, iaz, Errezilgo Sagardo Txapelketa udaberrian antolatu zuten. Honen arrazoia sagardoa botilaratzeko denbora izan da: «Udaberrian antolatzea azkarregi da sagardoa dastatu ahal izateko. Hasieran, uda partean antolatzea pentsatu genuen, baina azkenean txapelketa hil honetan izatea pentsatu dugu», argitu du Galarragak. Iazko txapelketari dagokionez, Galarragak balorazio «positiboa» egin du: «Iazkoa, txapelketaren aurreneko urtea izanda, oso ondo joan zen. Jendea gustura geratu zen, eta gu ere bai». Iazko txapelketak 17 parte-hartzaile izan zituen, eta 250-300 herritar hurbildu ziren lehiaketa ikusi eta sagardoa dastatzera. Jarraitzeko asmoz Jendeak ondo erantzuten jarraitzen badu urtero txapelketa hau antolatzeko asmoa dutela adierazi du Galarragak. Hala ere, erabaki bat hartzeko oraindik oso goiz dela iritzi dio: «Aurtengoa antolatzen dugun bigarren sagardo txapelketa da, eta egitasmoa sendotzeko itxaropena daukagu». Txapelketa Gaztetandik Kultur Elkarteak antolatu du, eta inguruko jendea ere ibili da laguntzen. Elkarlanean ari direla azaldu du Galarragak: «Sagardoa dastatzeko eta pintxoak prestatzeko lanak elkarren artean egiten ari gara». Errezilgo II. Sagardo Txapelketako antolatzaileek ekitaldian parte hartzera animatu dituzte bai herritarrak, bai inguruko jendea, eta bihar herriko pilotalekuraino gerturatzera gonbidatu dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide