Bertso afaria egingo dute gaur Errezilen, Atalak antolatuta

Ane Olaizola 2014ko irailaren 12a

Errezilgo Atala Kultur Taldeak, azken urteetako ohiturari jarraituz, bi kultur emanaldi antolatu ditu datozen hilabeteetarako. Laugarren urtez, herriko bi elkarteekin elkarlanean hainbat saio eskainiko ditu uda amaieran eta udazkenean, eta aurreko urteetan bezala, aurtengoan ere bertso afari batekin eta kantuarekin lotutako saioa eskainiko dute. Lehenengoa gaur bertan izango da, Akerra elkartean. Unai Agirre eta Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe Hernaniko eta Errezilgo bertsolariek girotuko dute bertso afaria, eta Gorka Tolosa ariko da gai-jartzaile lanean. 21:00etan hasiko da Atala elkarteak eta Akerra elkarteak elkarlanean antolatu duten emanaldia. Hurrengo ekitaldia, berriz, urriaren 24an izango da. Xabier Amuriza bertsolariak kantu-kontu afaria eskainiko du, eta hori Erniope elkartearen laguntzarekin antolatu dutenez, han izango dute hitzordua herritarrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide