Hasi dira Errezilgo Auzo Etxea martxan jartzeko hobekuntza lanak

Urola Kostako Hitza 2014ko irailaren 12a

[caption id="attachment_108415" align="aligncenter" width="300"]ERREZILGO_AUZO_ETXEA Errezilgo auzo etxearen kanpoaldea (Irudia: Izaro Zinkunegi)[/caption] Izaro Zinkunegik eta Eneritz Arzallusek ideia bat izan dute: Errezilgo mediku etxe zaharra herritarrentzako gune bihurtzea. Eta herrian auzolanean ari dira ideia hori burura eramaten. Bi lagunen arteko elkarrizketa batean sortutako ideia izan dela aitortu dio Zinkunegik UROLA KOSTAKO HITZAri: «Uruguain nengoela, herrian bizitzeko aukerez hitz egin nuen Eneritzekin. Gero, Errezilen aldundiak jarritako teknikari batekin hitz egiten hasi ginen, eta proiektu bat idatzi eta udalera aurkeztea erabaki genuen». Auzo Etxea gazteentzako edo nahi duten herritarrentzako bizitokia izatea eta ekintzak antolatu eta egiteko tokia izatea proposatu zuten. Proposamena maiatza eta ekaina bitartean landu zuten, eta ondoren udalera eraman eta uztaila hasierako bilkuran onartu zen: «Uztaila amaieran proiektua herritarrei aurkeztu genien, eta auzolanean hasi ginen etxea txukundu ahal izateko», adierazi du Zinkunegik. Gazte errezildarrak aitortu duenez, hasieran Auzo Etxea hil honetan martxan jartzeko asmoa zuten, baina asmoa atzeratu egin behar izan dute, teilatuaren egoera ez delako egokia. Hala ere, eraikina garbitzen jarraitzen dute, eta hil honen amaierarako ekintzak antolatu dituzte: «Umeekin hainbat ekintza antolatuko dugu, horien artean Auzo Etxean horma bat margotzea. Etxea koloreztatzea eta umeei laguntzeko aukera bat ematea da asmoa», azpimarratu du Zinkunegik. Gazteentzat aukera bat Proiektuaren helburuaz galdetuta, herria biziberritzea dela azaldu du Zinkunegik: «Auzolana sustatu eta elkartearen eta pertsonen arteko harremanak ere indartu nahi ditugu», adierazi du errezildarrak. Errezilgo mediku etxea izandakoak bi solairu ditu. Hiru logela «handi», bi komun eta sukalde bat ditu. Horregatik, Auzo Etxean ekintzak eta ikastaroak antolatzeaz gain, bertan bizitzeko aukera dago: «Aukera irekia da, nahi duten gazteek edo pertsonek bertan bizi ahal izango dute. Baina orain arte ez da inor animatu», argitu du errezildarrak. Proiektu honekin gazteei eskaintza bat eman nahi zaiela dio Zinkunegik: «Hainbat pertsonak bertan bizitzeko aukera izan dezan, txandakako izaera duen eta dinamikoa den proiektua egitea erabaki genuen». Zinkunegik adierazi duenez, proiektua oraingoz urtebetekoa izango da: «Auzo Etxea bera eta bertan egin nahi ditugun ekintzak luzerakoak izatea nahi dugu. Baina proiektuaren lehenengo urtea denez, ikasturte bateko epea jartzea erabaki dugu, udalak emaitzak aztertu eta proiektua bideragarria den ala ez erabaki arte». Dokumental bat prestatzen Aldundiak interesa azaldu duela esan du Zinkunegik: «Irailaren 22rako aurrekontuak aurkeztu behar ditugu, eta horren arabera jakingo dugu diru laguntzak jasoko ditugun edo ez». Diru laguntza horiekin teilatua konpontzea eta proiektua bideragarria izatea espero dute. Errezildarrak auzolanean aritu dira logelak margotuz eta leihoak bernizatuz eta, orain, altzariak egiteko asmoa dute. Zinkunegik adierazi duenez, herriko jendeak proiektuarekiko interes handia azaldu du eta Errezilen «mugimendu gehiago» sumatu duela dio. Honetaz guztiaz gain, Zinkunegi eta Arzallus proiektuari buruzko dokumental bat prestatzen ari dira: «Herrirako aberasgarria izango dela uste dugu, proiektuaren memoria moduko zerbait izan baitaiteke. Eta, bestetik, beste herrietan antzeko proiektuak garatzeko eredu bat ere izan daitekeela uste dugu», adierazi du Zinkunegik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide