Errezilen giza proba jokatzen, igande arratsaldean (Gaztetandik Kultur Elkartea)
Gipuzkoako Giza Proba txapelketako kanporaketako bigarren saioa jokatu zen igande arratsaldean Errezilen, Errezilgo Gaztedandik kultur elkarteak antolatuta. Hiru taldek jardun zuten Errezilgo probalekuan zein baino zein: Orioko Heldu taldeak, Andutz-Itziarrek eta Mendarok. Errezilen egindako lanaren ondoren, txapelketako multzoko sailkapenean bigarren gelditu da Orioko taldea.
Errezilgo plazan, lehen saioa Orioko Heldu taldeak egin zuen, 64 plaza eta 0,96 metro eginez. Ondoren, Mendaroko taldearen txanda izan zen, hauek 64 plaza, zinta bat eta 1,55 metro egin zituzten. Saioa egiten hirugarrena, Andutz-Itziarko taldea izan zen, 68 plaza eta 3,25 metro eginez. «Plaza motza da Errezilgoa, eta joan etorria azkar egin dute taldeek», azaldu dute Gaztetandikoek.
Andutz-Itziarkoak egin zuen saio onena Errezilen, eta taldea bere multzoko sailkapeneko lehen postuan dago orain, bost punturekin. Bigarren, lau punturekin, Orioko Heldu dago; eta, hirugarren, hiru punturekin, Mendaro. Multzo honetako hurrengo kanporaketako saioa Mendaron jokatuko dute uztailaren 12an.
Errezilen giza probako kanporaketa ikusteko 300 lagun inguru bildu ziren, Gaztetandik elkartekoen arabera: «Errezilgo proba plazan jendea gustura gelditu zen hiru taldeen erakustaldiekin, eta taldeek arratsalde horretan egindako lana ere bikaina izan zen».