Adin guztietako lehiakideak
Errezilen prest dituzte San Antonio jaiak, eta urtero bezala, egitarau oparoa antolatu dute udalak eta herriko eragileek. Aurten, ordea, emakumeek protagonismo berezia izango dute festetan. Izan ere, lehenengo aldiz herriko emakumeen arteko herri-kirol jaialdia egingo dute igande arratsaldean. Festei amaiera emateko, hainbat emakume trontzan, giza proban, sokatiran nahiz txingan arituko dira.
Horrez gain, Atala kultur elkarteak antolatuta,
Koka kola eta barea antzezlana eskainiko dute larunbatean. Ramon Agirrek eta Inaxio Tolosak,
Ray eta
Nik pertsonaien azaletan, euskal kulturaren iraganari eta orainari so egiten diote, Ez Dok Amairu taldea berriro osatzeko asmoarekin. Euskal musikaren historia jorratuko dute emanaldian.
Gainontzean, ohiko ekintzak egingo dituzte sanantonioetan, eta umeentzako jolasak, jan-edanak eta txapelketak egongo dira nagusiki. Bihar hasiko dira festak, mezarekin eta txupinazoarekin, eta igandera bitartean aspertzeko astirik ez dute izango herritarrek, hamaika ekintza izango baitituzte aurretik.
Horien artean, paella lehiaketa eta bazkaria egingo dute bigarrengo aldiz. Iazko «arrakastaren» ondoren erabaki dute errepikatzea, eta txapelketan parte hartu nahi duenak edo ondorengo bazkarira joan nahi duenak dagoeneko eman dezake izena; besteak beste, herriko dendan, Borondegi tabernan eta elkarteetan eman daiteke izena.
Bigarrengo urtez errepikatuko den beste ekitaldia Gazteen Dantza Suelto Txapelketa izango da. Gaztetandik taldeak antolatu du saioa, udalaren eta herriko beste hainbat eragileren laguntzarekin. «Aurreko urtean giro aparta sortu zen. Jende ugari elkartu ziren, eta aurten ere hala izatea espero dugu», esan du taldeak. Guztira zortzi bikote lehiatuko dira, horietatik hiru errezildarrak eta beste hiru azpeitiarrak. Guztiei banatuko dizkiete garaikurrak, eta txapelketa amaitutakoan herriko umeek ikasturtean zehar ikasitakoarekin dantza emanaldi bat eskainiko dute.
ERREZILGO SANANTONIOETAKO EGITARAUA
Ekainak 13, ostirala. San Antonio eguna.
- 11:00. Meza San Antonio ermitan.
- Ondoren. Txupinazoa, ermitatik.
- Jarraian. Hamaiketakoa trikitilariekin.
- Aldi berean. Gorritiren abereak.
- 16:30. Buru handiak umeentzat.
- Ondoren. Txokolatada eta goxokiak.
- 19:00. Triki-poteoa egingo dute herrian zehar, Lidia eta Unairekin.
- 21:00. Herri afaria egingo dute, Erniope elkarteak antolatuta.
- Afalostean. Haurren dantza emanaldia.
- 00:00. Ingo al deu? taldearekin erromeria.
Ekainak 14, larunbata
- 12:00. II. Paella Lehiaketa.
- Ondoren. Bazkaria.
- 15:30. Umeentzako herri-kirolak.
- 18:00. Triki-bertso-poteoa. Xamoa eta Alaia Martin bertsolariekin, eta Etxaniz eta Uzkudun trikitilariekin.
- 20:00. Sagardo eta pintxo dastaketa.
- 22:00.
Koka Kola eta Barea, Atala taldearen eskutik.
- 23:30. Obaneuke taldearekin erromeria.
- Goizaldean. DJ Urki.
Ekainak 15, igandea
- 12:00. Gazteen II. Dantza Suelto Txapelketa, Gaztetandik elkartearen eskutik.
- 17:30. Herriko emakumeen arteko herri-kirol jaialdia, patioan.