Hondakinak gaika sailkatzeko bi gune egongo dira Errezil erdigunean

Olatz Prat 2014ko apirilaren 2a

Hondakinen bilketarako etxola Errezilen (Ane Olaizola/ Hitza) Zero Zabor bideari eutsi dio Errezilek ere. Gipuzkoako Foru Aldundiaren gomendioekin bat egin, eta hondakinak gaika biltzeko sistema berria ezarriko dute, urtea amaitu aurretik. Errezilgo Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak sustatu dute eredu berria, «ingurumenarekiko kontzientzia hartu eta hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko» helburuarekin. Bi dira hondakin bilketa sistema honen ardatzak. Batetik, hondakinak gaika biltzeko etxolak eraikiko dituzte. Horietako bat egina dago jada, frontoiaren atzealdean. Bestea non eraiki daitekeen aztertzen ari da orain udala. Etxola horietan bilduko dira papera, plastikoak, beira eta errefusa, eta udalak etxe guztietan doan banatuko ditu etxoletarako giltzak. «Desberdintasun bakarra izango da, lehen kanpoan zeuden edukiontziak, barruan egongo direla orain», azaldu du Oihane Arzallus zinegotziak. Konposta, denen zeregina Sistemaren bigarren ardatza hondakin organikoak konpostatzearena da. Baserrietan auzokonposta egin beharko dute, baina horrek ez du aldaketa handirik ekarriko, «orain ere gehientsuenek egiten baitute auzokonposta», Arzallusek dioenez. Autokonposta egiteko lekurik ez duten herritarrentzat, auzokonposta gune bat jarriko dute herrigunean. Horretarako hiru gune proposatuko ditu udalak, eta zuzenean herritarrei galdetuko zaie non duten nahiago. «Azken finean, guk nahi duguna da jendeari zeregin hori erraztea eta beraientzat erosoa izatea», azaldu du Arzallusek. Galdeketa hau uda alderako egin nahiko luke udalak, guneak eraiki eta urte bukaerarako sistema berritua martxan egoteko. Sistema berri honen ondorioz,  baserrietako bidegurutzeetan gaur egun dauden edukiontzi grisak kendu egingo dituzte. Beraz, baserritarrek herriguneko etxolara edo egitekoak diren bigarren etxola horretara eraman beharko dituzte organikoak ez diren hondakinak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide