Sagarrak eta sagarkiak salduko dituzte azokan. (Nerea Uranga/Hitza)
Errezilek duen produktu bereizgarrienetako bat da Errezil edo Ibarbia sagarra. Abenduko lehenengo asteburuarekin batera, Errezilgo Azokak, udalaren laguntzarekin, Errezil Sagarraren festa antolatu ohi du urtero, eta aurten ere fruitu horrekin egindako hamaika produktu aterako dituzte kalera.
Igandean egingo dute azoka, eta herrian ekoitzitako sagarrak hartuko du protagonismo osoa; haren inguruko postuak jarriko dituzte herriko pilotalekuan, 10:00etatik 14:00etara aldera arte. Sagarrez gain, sagarkiak ere jarriko dituzte salgai, eta marmeladak, likoreak eta postreak erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Berrikuntza gisa, gainera, eztizale baten postua ere egongo da aurtengoan.
Horrez gain, eskulanen inguruko postuak ere egongo dira etzi, eta egur tailak, lore lehorrak eta bitxiak jarriko dituzte ikusgai, besteak beste. Ohi bezala, jateko eta edateko txokoak ere egokituko dituzte.
Antolatzaileek adierazi dute aurten uzta «oso txarra» izan dutela, besteak beste udaberri eta uda garaian egin duen eguraldiaren eraginez. «Kopuru eta kalitate aldetik eskasa» izan dela azpimarratu dute. Hala, aurten ez dute sagardoa egingo azokan, baina horren ordez herriko sagarraren inguruan informazioa zabaltzen ariko dira zenbait lagun.