Errezilgo Udalak hurrengo urteko udal tasak eta zergak onartu zituen ostegun iluntzean. Hainbat tasa eta zerga KPI adina igotzea adostu dute udala osatzen duten alderdiek, eta erreferentzia gisa iazko abuztutik aurtengo abuztura bitartean KPIk izan duen igoera hartu dute; %1,9, zehazki. Besteak beste, uraren eta zaborraren gaineko tasak igoera hori izango du 2014ean.
Errezilgo udaletxea. (Onintza Lete Arrieta/Hitza)
Errezilgo Udalak plan ekonomikoa du hitzartuta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, egoera ekonomiko txarra dela eta. Hitzarmeneko baldintzak aurrera atera ahal izateko udal ordezkariak jakitun dira udalak «diru sarrerak» behar dituela. «Derrigortuta gaude sarrerak izatera». Hala, hainbat tasa igo egingo dute.
Landa garapeneko interes-tasa %0,84era igoko dute, eta hirigunekoa %0,23ra. Industriaren gaineko interes-tasa besteak baino gehiago igoko dute, eta %0,35era iritsiko da.
Horrez gain, autoen gaineko zerga %3 igotzea erabaki du udalak. Honen ustez, herrian «auto asko» daude, eta horri irtenbidea emateko asmoz igoko dute zerga. Gainontzeko tasa eta zergak, berriz, mantendu egingo dituzte. Udalak aho batez onartu ditu 2014ko ordenantza fiskalak.
Diru laguntzen araudi berria
Horrez gain, kultura eta kirol jarduerak egiteko diru laguntzak emateko udal ordenantzari hasierako onarpena eman zitzaion osoko bilkuran. Hilabeteko epean jendaurrean jarriko dute, eta inolako helegiterik jaso ezean behin betikoz onartuko dute, beste erabakirik hartu behar izan gabe.