Ibarbi sagarra sustatzeko taldea osatzetakotan dira Errezilen

Ane Olaizola 2013ko urr. 3a, 04:00

Ibarbi edo errezil sagarra (Olatz Prat/Hitza) Ibarbi edo Errezil sagarra herrian nahiz kanpoan ezagutarazteko taldea osatzeko asmoa dute Errezilen. Azken asteetan hainbat bilera egin dute herritarrek, bertako sagarra zaindu eta hedatzeko asmoz. Helburu horietatik abiatuta dira sortzekoak taldea Errezilen, haren inguruko lanketa egin eta egitasmo zehatzak gauzatzeko. «Oraindik ez daukagu ezer erabakita, gure lehenengo helburua taldea osatzea baita. Gero, beharbada, Errezil sagarraren inguruko informazioa bilduko dugu, eta ez dugu alboratzen haren inguruko araudia egin edota izendapena ematea», adierazi du Joxe Ramon Agirrek, sustatzaileetako batek. Atala Kultur Taldeak sagarraren inguruan antolatutako hitzaldi baten ondotik antzeman zuten herritarrek taldea osatzeko beharra. Dagoeneko bi bilera egin dituzte, eta pixkanaka proiektuak zehazteko asmoa dute. «Azkenengo bileran herritar dezente agertu zen. Uste dut herritarren partetik interesa badagoela gaiaren gaineran, eta pixkanaka herritarrak batuko zaizkigula pentsatzen dugu». Hil honetarako hirugarren bilera prestatu dute, eguna oraindik zehaztu ez badute ere. Laster, sagarra biltzen Datozen asteetan hasiko dira Errezilen Ibarbia sagarra jasotzen. Sanmartin ingurura arte arituko dira horretan, eta abenduaren lehenengo igandean azoka egingo dute, ohiturari jarraituz. Aurtengo uztari dagokionez, berriz, «kaskarra» izango dela uste du Agirrek. «Orain ez dago garbi, baina, oro har, gutxi hazitakoa eta harjoa (harrak joa) izango da, uda oso lehorra izan baita».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide