Errezilgo Udalak herriko langabetu bat kontratatu du, bost hilabeterako, udalerrietan enplegua bultzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak abian duen programari jarraituz. Langilea hil hasieratik ari da lanean, herrilanetan. «Herriaren hainbat eraikinetan txukunketa eta pintaketa lan ugari genituen egiteko, eta langile hau kontratzeko aukera oso egoki etorri zaigu», dio Maria Jesus Salsamendik, Errezilgo alkateak.
Errezilgo udaletxeko bulegoetako sabaiak konpontzen ari dira orain (Onintza Lete Arrieta/Hitza)
Udalak kontratatu berri duen langilearekin, herrilanetaretako bi behargin izango ditu orain Errezilek. «Lehen udaleko langile bat edo aguazila genuen era horretako lanak egiteko, eta orain beste lagun bat gehiago izango dugu», adierazi du alkateak.
Lanposturako izena emateko epea abuztuan ireki zuten, eta sei errezildarrek eman zuten izena. Eraikuntzarekin lotutako lanbideetan moldatzen jakitea garrantzizkotzat jo zuen Errezilgo Udalak lanposturako. «Uste genuen gazte gehiagok emango zutela izena, baina gaztea bakarra zen izena emandakoen artean». Lanerako hartu dutena Xebero Agirretxe da.
Udaletxea konpontzeko egoki
Enplegu programa «pare-parean» eta «egoki» etorri zaio Errezilgo Udalari. Abuztuan Errezilgo udaletxeko bulego bateko sabaia erori egin zen. «Bulego bateko sabaia erori egin zen, eta hura konpondu ondoren, beste bulego batzuetako sabaiak ere berriztatu egin behar izan ditugu. Bulegoetako sabaiaren egoeragatik lanak uste baino gehiago luzatu zaizkigu. Kontratatu berri dugun langilea oso ondo etorri da konponketa lan horiek egiteko», dio Errezilgo alkateak.
Orain udaletxeko bulegoak, behin-behinean, udaletxeko bilkura aretoan dituzte. «Baina lehenbailehen bulegoak beren tokira eramateko asmoa dugu», azaldu du alkateak.
Udaletxe barruan puskatutakoa konpondu, eta berriztatze lanak egin ondoren, beste eraikin eta gune batzuk txukuntzeko lanei ekingo diote udaleko langileek; umeen txokoa eta eguneko zentroa pintatzeari, esaterako.