Jesus Goenaga errezildarrak hirugarren egin du Euskal Herriko sega txapelketan

Nerea Uranga 2013ko uztailaren 1a

Atzo, igandea, V. Euskal Herriko Sega Txapelketako azken kanporaketa jokatu zen Azpeitian, Azpeitiko Ikastola Ikasberriren ondoko zelaietan. Joxe Gabirondok eta Alaitz Imazek irabazi dute Euskal Herriko ligako txapela. Jesus Goenaga errezildarrak bigarren egin zuen atzokoan eta Euskal Herriko ligakoan hirugarren postuari heltzea lortu du, hala irailean Hego Tirolen jokatuko den Europako sega txapelketarako txartela lortu du. Atzoko jardunean gizonezkoek ehun metro koadroko saila moztu behar zuten, ahalik eta txukunen eta azkarren. Emakumezkoek, berriz, 35 metro koadrokoa eta gazteek 50 metrokoa. Gizonezkoetan Azpeitian Igor Esnaola izan zen lan onena egin zuena, 02:37 denboran lana txukun egin zuen. Bigarrena, Goenaga errezildarra izan zen eta hirugarrena Bixente Mitxelena. Joxe Gabirondok, berriz, laugarren egin zuen; honek txapela aurreko bi jardunaldietan egindako lanari esker lortu zuen. Euskal Herriko Sega Txapelketako podiuma, hurrenez hurren, Gabirondok, Esnaolak eta Goenagak osatu zuten. Emakumeetan, Alaitz Imazek irabazi zuen atzo ere, hala txapelari eustea lortu zuen. Bigarren, Astondoak egin du, bai atzokoan eta baita txapelketan ere. Hirugarren atzo Mazkiaranek egin zuen, baina txapelketako podiumeko postu hori Etxaburuak lortu du.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide