Errezilgo Igortegi baserrikoa zen, baina Beasainen bizi zen. Joan den asteartean izan zuen lan istripua, eta gaur hil da. 36 urte inguru zituela jakin du HITZAk. Garro Garabietako langilea zen, eta Iberdrolako Hernaniko azpiestazioan ari zen garabia muntatzen beste lankide batzuekin batera. Garabi zati bat erori, eta azpian harrapatu zuen. Beste bi langile ere zauritu ziren. Oraindik ez dakite zer dela-eta erori zen zati bat.
Berria egunkariak jakinarazi duenez, LAB sindikatuak eman du gertatutakoaren berri, eta senideei, gertukoei eta langileei elkartasuna adierazteaz gainera, gertatutakoa iker dadila eskatu du. Aurten hiltzen den hemeretzigarren langilea dela kritikatu du sindikatuak, eta istripua berriz ere azpikontratatutako enpresa batean gertatu dela, langileen osasunean eta bizitzan eragin zuzena duen segurtasunik gabeko egoeran.