Errezilgo sanantonioetan berrikuntzak izango dira aurten. Besteak beste, dokumental baten estreinaldia, paella lehiaketa eta gaztetxoen dantza suelto txapelketa gehitu ditu Festa Batzordeak jaietako programara. Bihar hasiko dituzte sanantonioak, San Antonio baselizan egingo duten mezarekin. Mezaren ondoren, Errezilgo Festa Batzordekoek suziria bota, eta herriko jaiak hasiko dituzte. Trikitilarien doinuan hamaiketakoa egingo dute, eta Gorritiren animaliak ere izango dira eguerdira artean. Arratsaldean ere haurrentzako jolasak izango dira herrian.
Errezilen bihar meza ostean trikitilariak ariko dira hamaiketakoan. Irudia artxibokoa da. (Irene Elorza/Hitza)
Iluntzean, berriz, ekimen berri bat izango da sanantonioen baitan:
Irria dario haizeari dokumentala estreinatuko dute, San Martin Herri Eskolako gimnasioan.
Dokumentalaren aurkezpena
Irria dario haizeari dokumentalaren protagonistak Maritxu Uzkudun preso errezildarra eta haren senitartekoak dira (ahizpa, ama eta iloba). Granadan (Andaluzia, Espainia) dago preso Uzkudun, 197/2006 Doktrina ezarrita.
Dokumentalaren ardatz nagusia Maritxu Uzkudunen ahizpa Begoña Uzkudunek Granadako espetxera egindako bidaia da.
Zazpiak Bat produkzio taldeak ekoitzi du ikusentzunezkoa. EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko hirugarren mailako ikasleek osatzen dute taldea. Haien esanetan, dokumentala «ohiko klixeetatik aldendu, eta unibertsalak diren sentimenduetan eta bizipenetan oinarritzen da».
Dokumentalaren proiektuarekin joan den martxoan hasi ziren. Aurreneko eta bukaerako grabazioak Errezilen egin zituzten, eta tartean Begoña Uzkudunek Granadara ahizpa bisitatzera egindako bidaia grabatu zuten. Dokumentalak 23 minutu irauten du.
Bihar hasi eta igandera bitartean hainbat ekitaldi izango da Errezilen. Etzi, ostirala, herri afaria egingo dute eta txartelak erosteko azken eguna gaur izango da, Letean, herriko dendan eta Borondegin eskura daitezke.
Paella txapelketa
Larunbaterako, berriz, paella txapelketa antolatu du Errezilgo Festa Batzordeak. Hainbat osagai batzordeak berak jarriko du, baina gehigarriak parte-hartzaileek eraman beharko dituzte. Ondoren, txapelketako lehiakideek sukaldean egindakoarekin bazkaria egingo dute.
Igande eguerdian, berriz, aurreneko aldiz gaztetxoen arteko dantza suelto txapelketa jokatuko da. Saio hau antolatzeko ardura Gaztetandik Kultur Elkarteak hartu du bere gain. Herrian dantza eskoletan dabiltzan haurrei aukera bat eskaintzeko antolatu dute lehiaketa. Hala, Errezilgo hiru bikotek hartuko dute parte, eta gainontzeko bost bikoteak herritik kanpokoak izango dira. Horrez gainera, herrian dantzan ikasten ari diren haurrek eta gaztetxoek erakustaldia eskainiko dute.