Errezilgo sagardo txapelketako irabazlea
"Eguraldia oso lagun izan ez bazen ere, 150 lagun inguru bildu ziren Errezilgo frontoian sagardo probaketan, eta jendea gustura egon zen", azaldu dute Gaztetandik kultur elkartetik. 17 baserritako sagardoa probatzeko aukera izan zuen jendeak asteburuan Errezilen, eta sariak ere eman zituzten. Mugarrieta baserriko sagardoak irabazi zuen herriko sagardo txapelketa; bigarren postua Urteaga baserrikoarentzat izan zen; eta hirugarrena, berriz, Antzelai baserrikoarentzat. "Epaileen esanetan nahikoa sagardo politak ikusteko eta probatzeko aukera izan zen, eta pozik agertu ziren bertarako ekarritako sagardoekin". Antolatzaileak beraiek ere pozik dira lehen aldiz antolatutako ekimenarekin."Baserri batzuetako sagardoa azkar amaitu zen, jendeari goxoenak iruditu zitzaizkionak edo", esan dute. Edatekoari laguntzeko, tortilla eta txorixo pintxoak egon ziren.
Errezilgo frontoian, sagardoa probatu eta mokadua hartzen