Kalean da 'Errezildarren ateraldiak' liburua

Nerea Uranga 2013ko apirilaren 23a

Liburuaren azala Errezildarren ateraldiak liburua aurkeztu zuten joan den larunbatean Errezilgo udaletxean, aretoa jendez beteta zela. Laxaro Azkunek, Imanol Lazkanok eta Joan Jose Eizmendi Loidisaletxe-k egin eta Uztarria Komunikazio Taldeak argitaratu du, Domusaren eta Errezilgo Udalaren babesarekin. Biztanle kopuruan txikia, baina «euskarari dagokionez aberatsa» da Errezil, bertako alkate Maria Jesus Salsamendiren arabera. Hamar bat lagunekin mahaiaren bueltan egindako bizpahiru egonaldirekin eta horiez gain banakako beste zenbait elkarrizketarekin osatu dute ateraldi eta pasadizoen bilduma. Jaso, paperera eraman, aztertu eta gero horri forma emanda atera dute liburua. «Askoren artean egina izan da», zioen Laxaro Azkunek. «Liburuan jaso duguna euskara aberats eta erosoa izan da», zioen Azkunek. «Erabiltzen den erremintak brilloa izaten du, eta nik Errezilko euskarari horixe ikusten diot, distira hori daukala, adierazkortasun hori daukala. Hizkuntza eguneko ordu guztietan erabiltzen bada, erdoilik gabe eta erosoa bihurtzen da». Euskaraz pentsatu, bizi eta jolas egin Imanol Lazkanok Errezil bere bigarren herria dela esanez hartu zuen hitza aurkezpenean. Liburua egiten pasatu duten denbora berarentzat «gozamen bat» izan zela zioen, «Errezilgo hizketako erak beti ukitu dit». Lazkanoren arabera, liburua irakurtzen duenak ikusiko du, «euskaraz pentsatu, euskaraz bizi eta euskararekin jolas egitea zein polita den». Lazkanorentzat, hizkuntzarekin jolas egite horrek eta bertsolaritzak duten lotura estuaren adierazgarria ere bada Errezilen eta inguruetan XX. mendean sortutako bertsolari handi andana. Joan Jose Eizmendi Loidisaletxe-k aurkezpenean azaldu zuenez, «daukaguna ez da apreziatzen, galtzen hasten den arte». Liburuan ateraldi pilo bat jaso dute, baina beste asko eta asko  denborarekin galdu egin direlakoan dago Loidisaletxe, «liburu honek askoz lodiagoa irteteko, Lazkanok lehenago zahartu behar zuen, eta Laxaro orain dela hogeita hamar urte erretiratu», bota zuen. Kontaldian ere jende asko Joan den larunbatean Errezilgo Atala Kultur Taldeak antolatuta liburuko ateraldien kontaldia izan zen Borondegin. Han, adin desberdineko 60 lagun inguru bildu ziren. Emanaldi ederra izan zen. «Herritarrek gustura hartu zuten Atala Kultur Taldearen gonbita eta kafea pastekin hartuz gozatu ederra hartu genuen errezildarren ateraldiak entzuten», azaldu dute Atalakoek. Liburua salgai Errezildarren ateraldiak liburua Azpeitian (Belaetxe eta Iratzar liburu-dendetan eta Landetako Mendizabal tabernan) eta Errezilen (udaletxean, dendan eta Borondegin), sei euroren truke salduko dute. Uztarriaren bazkideek, berriz, hiru eurotan eskuratzeko aukera dute liburua, Uztarriaren egoitzan bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide