Errezilgo Larrate baserriko bizilagunak joan zen larunbatetik daude bakartuta. (Argazkia: Errezilgo Udala)
Azpeitia eta Errezil arteko GI-2634 errepidean gertatutako luiziaz gain, beste lur jausi batek ere kalteak eragin ditu Errezilen. Artzailuz bailaran lurra mugitu zen berriz larunbatean, Errezil herrigunetik kilometro batera, Azpeitiko norantzan. Larrate baserrirako bidean gertatu zen lur jausia, eta horren ondorioz, hango bizilagunak bakartuta daude asteburuaz geroztik.
Larunbat arratsaldean gertatu zen lur jauzia, 16:00ak aldera, udalak adierazi duenez. «Momentuan bertan ez ginen ohartu lurra erori zenik, gerora ikusi genuen», adierazi dio hango bizilagun Maria Angeles Otaegik Urola Kostako Hitza-ri. Otaegi eta bere senarra bizi dira Larrate baserrian, eta herrigunerako joan-etorriak oinez soilik egin ditzakete. «Ez dago ordezko biderik, ezta bestelako bidexkarik ere», berretsi du Errezilgo alkate Maria Jesus Salsamendik.
Bakartuta egonik, Otaegik adierazi du larunbatetik etxean sartuta daudela senarra eta biak. «Denbora nola edo hala pasatzen dugu. Momentuz, janaria badugu, baina hori ere ahitzen ari da, eta ez dakit noiz arte izango dugun». Animaliak ere badituzte, eta haientzako pentsua baldin badute ere, ez dakite noiz arte iraun ahal izango duten. «Orain arte lasai egon gara, baina ez dakigu noiz harte egongo garen egoera honetan, eta pixkat arduratzen hasita gaude», dio baserritarrak.
12 egunetako lana
Baserri bidea izanik, Errezilgo Udalari dagokio bidea konpontzea. Salsamendik adierazi du azken egunetan kontratistarekin egon direla negoziatzen, eta gaur bertan direla tratua ixtekoa. Hori hala, datorren astearen hasierako lanak hastea aurreikusten dute, eta hamabi lanegunetan amaitzea espero dute; «guztia bukatzeko 12 egun beharko dira, baina lehenago irekiko dugu bidea». Udalak ez du uste lurrak errepidea kaltetu duenik, baina lanak hasi bitartean ezin izango dute hori ziurtatu. Lurra kendu beharko dute lehendabizi, eta gero harri lubeta jarriko dute; horretarako, bertako lurra aprobetxatuko dutela jakinarazi du Salsamendik.
Udalak, bestetik, ez du argitu zerk eragin duen luizia Larraterako baserri bidean, baina azken asteetako euriteek eragina izan duelakoan dira; «ingurua begiratu dugu baina inondik ez du urik irteten. Horrenbeste egunetan euria egin duenez, ordea, lurrak ur asko xurgatu du, eta eremu horretan hautsiko zen. Gainera, ikusi dugu bide horretan harri lubeta asko daudela lehenagotik ere».