Bi hilabete eta gero, Errezilerako GI-2634 errepideak itxita jarraitzen du

Ane Olaizola 2013ko api. 10a, 10:10

Azpeiti eta Errezil arteko GI-2634 errepideak itxita jarraitzen du, luizia izan eta bi hilabetera. Errezilgo eta inguruko biztanleentzat uste baino luzeagoa ari da gertatzen itxiera, egunerokotasunean bete-betean eragiten dielako. Errezil eta Azpeitiko Udaleko eta bideko enpresetako ordezkariak, luiziaren lekuan. (Argazkia: Azpeitiko Udala) Gipuzkoako Foru Aldundiari dagozkio konpontze lanak, eta honek, hasiera batean, martxoaren amaierarako amaituta izatea aurreikusi zuen. Errezilgo alkate Maria Jesus Salsamendiren arabera, ordea, Aldundiak udalari adierazi dio azken asteetan ezin izan dutela «behar bezainbeste lan» egin, egin duen eguraldiaren eraginez eremua ez delako behar bezala egonkortu. Salsamendik UROLA KOSTAKO HITZA-ri adierazi dionez, joan zen ostegunean, apirilaren 4an, Aldundiak udalari jakinarazi zion lanak hamar lan egunetan amaituko zituela, «euririk egin ezean». «Data zehatzik ez dugu, beraz». Honen iritziz, errepidearen itxiera «asko ari da luzatzen», eta horren aurrean, udalak kexa sartu du Gipuzkoako Foru Aldundian. GI-2634 errepidea itxita, ibilgailuentzako ordezko bidea Urrakiko mendatetik barrenekoa da, Bidegoian zeharkatzen duena. «Bide hau erabiltzeak kilometro asko egitea eskatzen du. Beraz, ibilgailu asko baserri bideetatik joaten dira, baina horiek ez daude prest horrenbeste ibilgailurentzat, are gutxiago eguraldi txarrarekin, eta puskatzen ari dira». Halaber, bide horietan istripuren bat ere gertatu dela gaineratu du Salsamendik. Tolosalderako eta ikastetxeetarako garraio publikoari ere eragin dio luiziak. Otsailaz geroztik, esaterako, Azkoititik Tolosara doan La Guipuzcoana autobus zerbitzuak ezin du Errezilera joan, eta Urrakitik barrena egiten du ibilbidea. Dena den, alkatearen ustez, «oztoporik gehienak» Domusako langileak ari dira jasaten. Enpresaren arabera, langile gehienak inguruko herrietakoak dira, eta itxita dagoen errepidea erabiltzen dute lanera joateko. «Baserri bideetatik ibiltzen dira asko, eta lanera joateko denbora gehiago behar izateaz gain, bidea bera txarra da. Urrakin elurra egin izan denean, berriz, arazo ugari izan ditugu». Horiek ere berretsi dute «oso luze» egiten ari zaiela itxiera. «Ohitzen hasiak gara, baina egunero luiziari begira gaude». Hain zuzen, egoeraren berri izateko bilerak egin dituzte Azpeitiko eta Errezilgo udalek, Domusa eta Altuna y Uria enpresek eta Aldundiak. Zentzu horretan, Azpeitiko Udalak adierazi du bi udalak «hasieratik elkarlanean» ari direla, «errepidea ahalik eta azkarren ireki ahal izateko errezildarrei, azpeitiarrei eta bideko enpresei». Otsailetik itxita Otsailaren hasieran egindako euriteen ondorioz gertatu zen luiziaAzpeitia eta Errezil lotzen dituen errepidean, aurretik beste bizpairu aldiz lur jausi txikiagoak gertatu ondoren. Ordutik itxita dago bidea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide