Azpeitian atzo arratsaldean 197/2006 doktrinaren kontra elkarretaratzea egin zuten. (Nerea Uranga/Hitza)
Atzo goizean, Estrasburgon, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko areto handian 197/2006 doktrina edo Parot doktrina bezala ezagutzen denari buruzko auzi saioa izan zen. Bi orduko saioa izan zen, eta orain epaimahaiak ebazpena ematerako asteak edo hilabeteak igaro daitezke.
Epai horrek, ordea, doktrina ezarrita duten dozenaka presorengan izango du eragina. Behin betikoa izango da. Zigorra beteta izan arren, doktrina ezarri ondoren kartzelaldia luzatuta du hainbat presok, baita eskualdean ere. Horien artean daude Juan Karlos Arruti Aizpitarte
Paterra azpeitiarra eta Maritxu Uzkudun Etxenagusia errezildarra.
Arrutiren senideek hedabideen bidez jarraitu dute saioa. Hala jakinarazi dio HITZA-ri Joxe Arrutik, Juan Karlos Arrutiren anaiak. Ez da ez baikor ez ezkor agertu, eta «ziurgabetasuna» nabarmendu du. «Inork ez daki zer gertatuko den. Sei hilabete igaro daitezkeela diote, epaia jakiterako, eta orain arte bezala jarraitu beharko dugu bitartean, ziurgabetasunarekin», azaldu du. «Handia da tentsioa». Erabakia oso garrantzitsua dela nabarmendu du, senideentzat eta presoentzat. «Amaierako puntuaren hasiera izango da epaia», adierazi du, epaiaren behin betikotasunari erreferentzia eginez. «Epaiak epai, dena den, ikusi egin beharko da erakude penitentzialen jarrera zein den».
09:30 aldera hasi zen atzo Ines del Rio tafallar presoaren egoerari buruzko auzi saioa Giza Eskubideen Auzitegiko areto handian, eta 11:15ak ingururako bukatu zuten. Del Rioren abokatu Amaia Izkok saioaren gaineko balorazio positiboa egin zuen atzo, Espainiaren abokatuak lehengo argumentu berak azaldu zituelako, «argudio ahulak». Hain zuzen, Estrasburgok 197/2006 doktrinaren aurka egin zuen lehen, iazko uztailean emandako ebazpenean.
Eskualdean bi doktrinapean
Juan Karlos Arruti Aizpitarte
Paterra-k 2009ko martxoaren 5ean gelditu behar zuen libre, baina doktrina ezarrita beste hamar urtez luzatu zioten kartzela zigorra, 2019ra arte. 1989ko irailean atxilotu zuen Guardia Zibilak Irunen, ETAkoa izatea egotzita.
Maritxu Uzkudun Etxenagusia errezildarrak, berriz, 2009ko abuztuaren 27an irten behar zuen espetxetik, zigor osoa beteta, baina errezildarrari espetxealdia 30 urtera luzatu zioten, 2021eko otsailaren 5a arte. Uzkudun 1991an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, ETAko kidea izatea
leporatuta.
Atzo, Herrirak deituta, 197/2006 doktrinaren kontrako hainbat mobilizazio egin zen. Urola Kostan, Azpeitian, Getarian eta Errezilen elkarretaratzeak egin zituzten atzo arratsaldean.