Harkaitz, Oroitz, Nikole eta Nora, Beizamako Haurreskolako umeak Naiara Etxaniz hezitzaile eta koordinatzailearekin (Nerea Uranga/Hitza)
Harkaitz, Nikole, Oroitz eta Nora
Txikiak dira, herri txikien neurrikoak, eta bizilagun txikienak hartzen dituzte. Halere, txikian handi dira; herrirako zerbitzu garrantzitsua direlako. Baina biziraupena bermatzeko borrokan ari dira. Dagoeneko, datorren ikasturteari begira daude, eta etorkizuna kolokan, dantzan, kili-kolo, itzaletan ikusten dute. Txiki handi horiek Errezilgo eta Beizamako haur eskolak dira.
Bietan hamarna haur hartzeko tokia dute; Errezilgo kasuan lau hilabetetik 2 urte artekoak, eta Beizamakoan lau hilabetetik 3 urte bitartekoak. Baina haur eskola martxan izateko egun ikasturtearen hasieran hiru haur eduki behar dituzte matrikulatuta, gutxienez. Ikasturte batean hiru haur izan ez haur eskolan eta zerbitzua etengo balitz, ordea, berriro martxan jartzeko bost haur matrikulatu beharko lirateke hurrena. Gainera, hortik aurrera ikasturtez ikasturte bost haur izan beharko lituzkete, gutxienez.
Berez, datorren ikasturterako matrikula maiatzean zabalduko dute. Baina hartu ditzaketen ume kopuruaren %75 bete gabe dutenez, edozein unetan haurra matrikulatzeko aukera eskaintzen dute bai Errezilen eta baita Beizaman ere.
Haur eskola galtzeko arriskua
Datozen ikasturtean, irailean, haur eskolak martxan segitzeko gutxieneko kopuruak ziurtatu gabe dauzkate bi herrien kasuan, zalantzak zalantza. «Pena litzateke horrelako herri bat haur eskola gabe gelditzea», diote gaur egungo hezitzaileek.
Errezilgo Haurreskolan aurtengo ikasturtean sei haur dabiltza, baina datozen ikasturtean seguru jarraituko duena bakarra da, txikien artean txikiena; gainontzekoak, San Martin Herri Eskolan hasiko dute ikasturtea, bi urteko gelan.
Xabat, Araitz, Ainhoa eta Enara bazkaltzen ari dira; txikiena, Eihari, lo dago. Zintzo-zintzo, lasai ederrean daude denak Errezilgo Haurreskolan. Herriko eskolaren zati bat da haur eskola, sarrera nagusitik sartu eta ezkerretara dago. Nerea Odriozola eta Nagore Yuste dira Errezilgo hezitzaileak, eta biek murrizketen kontrako txapa daramate mantalean.
Errezilgoa, «pagotxa»
Herriarentzako zerbitzu bat da bertan haur eskola izatea. «Haur eskola txiki hauek umeentzako eta gurasoentzako pagotxa dira. Haur gutxi daude, eta eskaintzen zaien zerbitzua gertu-gertukoa da», dio Yustek. Hezitzaileentzako ere lanerako hobeak dira haur eskola txikiak. «Nik herri handi bateko haur eskola handi batean egin dut lan, bi urte arteko 80 haurreko eskola batean. Hezitzaileok zerbitzu ona ematen genuen, bakoitzak haur kopuru jakin bat eduki beharra daukagulako. Baina Errezilera etorri, eta hau lanerako pagotxa da. Beste lasaitasun bat dago hemen, ez dago zerikusirik. Arauak ere haur eskola txikietan malguagoak dira. Handietan, normala den bezala, arauak zorrotzagoak dira».
Odriozolak zortzi urte daramatza haur eskoletan lanean, eta horietatik sei Errezilgoan. «Errezilgo haur eskola mantentzeko irailean hasiko diren beste bi ume beharko genituzke», dio Odriozolak.
Errezilen inoiz baino haur gehiago jaio dela diote hezitzaileek, baina gaur egungo egoera ekonomikoarekin haur eskolaren zerbitzura guraso gutxiagok jotzen dute; «umeak gurasoekin edo aiton-amonekin egongo dira etxean». 2005-2006 ikasturtean bost haur izan zituzten Errezilgo haurreskolan; 2006-2007an sei; 2007-2008 lau; ondoren igoera izan zuten, bederatzi haur izatera iritsiz. Gero, ordea, behera egin, eta azken bi ikasturteetan «larri» dabiltzala diote. «Azken bi ikasturteak justu-justu hasi ditugu», dio Odriozolak.
Herrian zehar pasiatzera irteten dute haurrek, eta zaharragoen eskolara ere joan ohi dira. «Dagoeneko, bi urteko gelara pasatzen direnean irakasle izango dituztenak ezagutzen dituzte».
Beizama, aitzindarietakoa
Herriko beste haurrak ezagutzeko eta lagun egiteko ere balio dute herri txikietako haur eskolek. «Hemen dabiltzan gehienak baserrietan bizi dira, eta elkar ezagutzeko balio du haur eskolak», dio Naiara Etxaniz Beizamako Haurreskolako koordinatzaile eta hezitzaileak.
Beizamako Haurreskola 2003ko abenduan jarri zuten martxan, Haurreskolak Partzuegoa sortu zenean. Abian jarri zen aurrenetakoa da, 0 eta 3 urte arteko haurrei zerbitzua eskainiz.
Beizamako txiki-handiak Harkaitz, Nikole, Oroitz eta Nora dira. Datorren ikasturtean, horietatik bi Azpeitira joango dira ikastera, eta bik Beizaman jarraituko dute. «Irailean herrian bertan haur eskola zerbitzua emango dela bermatzeko ume baten beharrean gaude». Etxanizen arabera, «herri txikietan haur eskola izatea kalitatea da: haurrak elkar ezagutzeko balio du, eta gertutik gerturako zerbitzua ematen da».
Errezilen bezalaxe, Beizaman ere haur eskola mantentzeko lanean eta borrokan ari dira. «Behin itxita, herri txiki hauetan haur eskola zerbitzua berreskuratzea oso-oso zaila izango da, ezinezkoa ez esateagatik», dio Beizamako haur eskolako koordinatzaileak. Txikienen alde borroka handian ari dira Errezilen nola Beizaman.