Ibarbia auzoa eta Urraki arteko bidea arriskuan dago, zulo handi batengatik

Nerea Uranga 2013ko otsailaren 5a

Ibarbi auzotik Urrakirako errepidera doan bidea. Bide izkinaraino etorrita dago zuloa (Nerea Uranga/Hitza) Azpeititik Errezilerako errepidean, Ibarbia auzoa eta Urraki lotzen dituen bidea arriskuan dago. Bidearen azpikaldean, Domusa enpresaren atzeko aldean, euriteen ondorioz zulo handi bat egin da. Zuloak lurra irentsi du, hobia Ibarbia auzoko errepide izkinaraino hedatuz. Errezilgo Udala arduratuta dago sortu den zuloarekin,  errepidea galtzeko arriskua eragin duelako. Bideari eusteko lanak nola egin aztertzen hasita daude udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunak. Zulo handia egin den soroaren azpikaldea tunelez josita dago. Garai batean, igeltsu fabrika egon zen gaur egun Domusa enpresa dagoen tokian (Domusa 1976an sortu zen). Igeltsua egiteko materiala ateratzeko meatzeak zeuden bertan, igeltsu-meatzeak. «Orain dela urte asko, igeltsutegi bat zegoen toki horretan, eta inguruko lurrazpia garai hartan egindako tunelez josita dagoela esaten dute», azaldu du Maria Jesus Salsamendi Errezilgo alkateak. «Azken euriteen eraginez lurrak behera egin du, azpikaldea zulatuta dagoelako», gaineratu du alkateak. 2011ko azaroko euriteen garaian zulo txiki bat azaldu zen, baina hori handitzen joan da, ordutik hobia handitzen eta zabaltzen ari da. Azkenaldiko euriteetan nabarmen handitu da, telefono poste batzuk bota ditu eta baita Ibarbi auzoko errepide ondoko zuhaitzak ere. «Egunero-egunero lanean ari da zuloa eta errepide izkinaraino iritsi da. Aurreko astean bi telefono poste bota zituen, eta azken euriteen ondorioz gainekaldeko zuhaitzak irentsi ditu». Arriskuaz ohartarazteko errepidearen izkinan zinta zuri-gorria jarri du Errezilgo Udalak. Alternatiba ona Ibarbi auzoko errepidea mantentzea da Errezilgo Udalaren nahia eta horretarako lanean hasita dago. «Errepide hori batik bat baserri bidea da, baina Azpeitia eta Errezil arteko bidea ixten denean Urrakiko errepiderako alternatiba garrantzitsua da», nabarmendu du Errezilgo alkateak. Orain gutxiko adibide bat ere jarri du, «duela gutxi Azpeititik Errezilerako bidean luizi bat izan da eta bidean obretan jardun dute. Orduan, herritar askok edota Domusako langileek Ibarbitik Urrakirako bidea erabili dute Azpeitira joateko edota Azpeititik etortzeko». Errezildik Urrakirako errepiderako beste bide bat ere bada, baina Ibarbiko hau erosoagoa edo lauagoa dela azaldu du Salsamendik. «Herritik Urrakirako bideak malda gehiago du, Ibarbikoak ere malda badu, baina txikiagoa, nahiz eta gune batzutan hau ere hestua izan». Irtenbide bila Domusa atzealdean, Ibarbi auzoan, egin den hobiari irtenbide bila ari da Errezilgo Udala. Zuloa sortu den soroa partikularra da, Doneztebe baserrikoena. Gipuzkoako Foru Aldundira jo dute udal arduradunek, eta handik arazoa konpontzeko lanean ari direla dio alkateak. «Gipuzkoako Foru Aldunditik zuloa ikustera etorri ziren eta aurrekontu bat ere egin zuten, 60.000 euro ingurukoa. Egin beharreko lan guztiak goitik, errepidetik, egin beharko zirela azaldu ziguten aldundiko teknikoek eta orain haien erantzunaren zain gaude». Baina, Errezilgo Udalak egin beharreko lanen kostuei ezin die aurre egin, «denok dakigun bezala, Errezilgo Udalaren egoera oso txarra da eta lan horiei ezin die aurre egin», gaineratu du alkateak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide