Errezilgo udaletxeko arkupetan izan du Correosek posta bulegoa.(Ane Olaizola/Hitza)
Errezilen zuen bulegoa itxi egin du Correosek. Abendu hasieratik ez du zerbitzu hori ematen herrian, eta berriro bulegoak ateak ireki ditzan lanean ari da Errezilgo Udala. Urte dezentez egon da Correosen bulegoa udaletxeko arkupetan; garai batean Kutxaren bulegoa egon zen tokian. «Aurretik beste lokal batean egon zen Correosen bulegoa, baina Kutxak bulegoa itxi eta kutxazain automatikoa jarri zuenean, lokala eraberritu eta Correos jarri zen bertan», gogorarazi du Mari Jesus Salsamendik, Errezilgo alkateak. Udalarena da lokala.
Correosek bulegoa berriz irekitzeko eskatuz, hainbat ate jo du udalak dagoeneko. «Correoseko arduradun bat ere etorri zen azalpenak ematera, eta itxi beharra zegoela esan zigun. Bidegoiango alkatea eta biok Correoseko beste ate batzuk ere jo ditugu, eta Gipuzkoako Foru Aldundira ere jo dugu, zerbitzua berriro martxan jartzeko eskatuz», azaldu salsamendik.
Correosen bulegoa itxita, zerbitzu bat galdu du Errezilek. «Zertifikatutako gutun edo paketeren bat bidali nahi badugu, orain Correosen Azpeitiko bulegora joan beharko dugu. Eta lehen hemen bertatik bidal genitzakeen halakoak». Horrez gain, askotan zerbait jasotzeko gunea ere bazen errezildarrentzako. «Postaria etxera joan eta ez bazuen inor etxean topatzen, abisua utzi eta gero posta bulegotik pasatzen zen. Baina orain Azpeitiko bulegoraino joan beharko du zertifikatuak-eta jasotzera».
Sinadurak biltzen
Herrian posta bulegoa berriro martxan jartzeko eskatuz, herritarren sinadurak biltzen hasita dago Errezilgo Udala. «Dagoeneko herritarren sinadura mordoxka bat bildu dugu», azaldu du alkateak.
Sinadurak biltzeko paperak udaletxean, Borondegin, Errezilgo dendan eta herriko bi elkarteetan dituzte jarrita.